Enduro-zaleen topaleku izango da Elgeta, beste urte batez; izan ere, Piñu-koku elkarteko lagunek apirilaren 11rako iragarri dute enduro martxa. 28 kilometro eta 1.200 metroko desnibela izango ditu aurtengoak. "Azkonabieta, Goikomendi eta Erdella inguruetan ibiliko gara, eta Erdella nobedadea da", azaldu du Piñu-koku elkarteko kide Etor Garatek.
Enduro-pilotuak plazan elkartuko dira. Martxaren irteera 09:00etan izango da. Iaz, 120 lagun elkartu ziren. Aurretik, azken izen-emateak egiteko aukera izango da. "Izen-ematea zabalik da, Kirolprobak.com atarian, eta antolatzaileei komeni zaigu denboraz jakitea zenbat jende etorriko den –erosketak eta abar egiteko–. Baina, betiko moduan, eguraldiak zeresan handia izango du jendea animatzeko orduan, eta egunean bertan ere izango da izena emateko aukera. Aurrez izena ematen duten federatuek 20 euro ordainduko dituzte, eta ez-federatuek, 25 euro. Egunean bertan apuntatzen direnek, berriz, 30 euro ordainduko dituzte", zehaztu du.
Nobedadeak urtero
Piñu-koku elkarteko kideek buru-belarri dihardute VI. enduro martxa prestatzen. "Saiatzen gara urtero zerbait berria prestatzen, eta aurten lehenengo jaitsiera berria izango da. Denbora dezente behar izan dugu egiteko, baina prest dago, eta denek izango dugu probatzeko aukera. Ea jendeari zer iruditzen zaion".
Ibilbideari buruz galdetuta, hauek aurreratu ditu Garatek: "Plazatik abiatuko gara eta San Romanera joango gara, errepidetik. Gurutzetik Erdellara igoko gara eta tontorretik Lapurdi baserri inguruko pistara jaitsiko gara. Hori izango da aurtengo nobedadea. Gero, gaztetxera itzuli eta Goikomendiri buelta emanda Karabietara helduko gara. Iaz estreinatutako jaitsiera egingo dugu. Motza da, baina polita", esan du Garatek. Jarraian, Azkonabieta aldera egingo dute pilotuek. "Tontorra egin aurretik desbideratu egingo gara, Azurtza aurreko jaitsiera egiteko. Orain bi urte estreinatu genuen jaitsiera hori". Eguneko laugarren jaitsiera egiteko bueltan Azkonabietara igo beharko dute pilotuek, "beste leku batetik aurten", eta Arraozko bihurgunerainoko jaitsiera egingo dute. "Egin genuen lehen jaitsiera da, dugun zaharrena". Arraoz baserrira igo eta Txitxarea izeneko jaitsiera egingo dute gero pilotuek, eguneko bosgarrena. Amaitzeko, Karabieta eta Goimendi artean dagoen Armendigainera igoko dira txirrindulariak, eta bertatik Aixolarako jaitsiera egingo dute. "Gaztetxera itzulita amaituko dugu martxa", esan du Piñu-kokuko kideak.
Itzulia birritan Elgetatik
Erabilgarri izango dira bizikletak garbitzeko gunea zein kiroldegiko dutxak. "Txitxi-burruntzia egingo dugu amaitzeko. Gainera, egun horretan birritan pasako da Itzuliko tropela Elgetatik". Txirrindularitzaren bueltan "egun osoko plana" egiteko "aukera polita" egongo dela ohartarazi dute antolatzaileek.
Apirilaren 11n jokatuko da Itzuliko azken etapa; Antzuola-Bergara etapa. Birritan pasako da Elgetatik, bietan Asentziotik: 14:15ean eta 17:15ean. Lehenengo eta azken mendatea izango da Asentzio.