Eleder Lozanok, antolatzaileetako batek, azaldu duenez, ibilbidea ez dute aldatu aurten ere: "Ahuntzen Lasterketak 21 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa ditu; Antxumeenak, berriz, 4 kilometro eta 200 metroko desnibela".
Lasterketak Elgetako hainbat mendi esanguratsu zeharkatzen ditu. Parte-hartzaileak plazatik abiatuko dira, Egoarbitzara igo eta handik Goikomendira egingo dute; ondoren, Aixolako urtegira jaitsi, Erdellara igo eta Intxortako puntatik igaro beharko dute helmugara iritsi aurretik. "Inguruko lau mendi tontorretatik pasatzen da lasterketa, eta Elgetako bazter politak ezagutzeko aukera ematen du", adierazi du Lozanok.
Boluntarioen lana, ezinbestekoa
Antolakuntzari dagokionez, esperientziak lagundu egin duela nabarmendu du: "Urtez urte martxa hartzen joan gara, eta geroz eta errazago egiten da dena, nahiz eta beti egon lanak, prestaketak eta arazoak". Gaineratu duenez, azken prestaketak baino ez direla falta. Guztira, 100 boluntario inguruk parte hartu dute antolakuntzan. Lozanok azpimarratu du haien lana ezinbestekoa dela: "Boluntariorik gabe ezinezkoa litzateke lasterketa. Elgeta herri txikia da, eta etxe bakoitzetik norbaitek laguntzen du, parte hartzen edo antolakuntzan".
Maila handiko korrikalariak
Kirol mailari dagokionez, parte-hartzaile nabarmenak izango dira. Emakumezkoetan, Oihana Kortazar izango da faboritoetako bat, aurreko edizioetan nagusitu baita; harekin batera, Nerea Milia eta Nora Narbaiza ere izango dira lehian. Gizonezkoetan, iazko irabazle Aritz Sardina nafarrak parte hartuko du, baita Etxabe anaiek eta Aritz Unamunok bergararrek, eta Borja Zubizarreta azkoitiarrak ere bai, azken hori Domusa proban garaile izan berria. "Nik faborito ikusten dut" adierazi du Lozanok. Parte-hartzaile gehienak bailarakoak badira ere, inguruko herrietatik ere etorriko dira korrikalariak, hala nola Elorriotik eta Durangaldetik; kanpotik ere izan dira parte-hartzaileak aurreko urteetan.
Egun handia Elgetan
Azkenik, Lozanok herriari eta boluntarioei eskerrak eman dizkie, eta jendea Elgeta ezagutzera animatu du: "Azken urteetan, lasterketa egunean giro berezia sortzen da; herri guztia kalera irteten da eta kanpotik ere jende asko etortzen da. Egun jendetsua eta garrantzitsua izaten da Elgetarentzat".