10 eta 16 urte arteko 40 bat gaztek osatzen dute Bergara Gazte Banda. Kalejira plazatik abiatuko da eta kontzertua kafe antzokian izango da. Jesus Mari Arriaranek zuzentzen du banda, eta taldean izango dira Gazte Bandarekin herrian lehenengo aldiz joko duten Iraitz Apraiz Basauri eta Matxalen Otxoa Gorritxategi elgetarrak.
Taldean, motibazio handiagoa
Gazteak dira bandako kideak. Batzuek 10 urte dituzte, eta hiruzpalau hilabete dira bandarekin hasi zirela. "Lehenengo helburua da Bergarako Musika Bandarendako zein Orkestra Sinfonikoarendako harrobia izatea", azaldu du Bergara Gazte Bandako zuzendari Jesus Mari Arriaranek. "Gero, igarri dugu taldean jotzen hasten direnean motibazioa handitu egiten dela eta gora egiten dutela musikari moduan. Instrumentua etxean bakarrik ikastea baino erakargarriagoa da taldean jotzea eta kontzertuak ematea", gehitu du zuzendariak.
Gazte Bandak sei edo zazpi kontzertu egiten ditu urtean: San Martin jaietan, Aratusteetan, Gabonetan... Hiru urte dihardu Arriaranek zuzendari lanetan, eta oso gustura dabilela esan du. "Batzuetan, gerrero etortzen dira, baina erantzun behar dutenean ondo erantzuten dute", azaldu du. Normala denez, bergarar asko dago bandan, baina antzuolarrak ere bai, eta elgetarrak bi: Iraitz Apraiz Basauri eta Matxalen Otxoa Gorritxategi, biak oso gazteak.
Kontzertua herrian
Matxalen Otxoa Gorritxategik 15 urte ditu eta orain bost bat urte hasi zen oboea jotzen. Biolina eta gitarra ere jotzen ditu, baina oboeak aukera ematen dio bandan jotzeko. Lau bat urte dira Bergarako Gazte Bandan hasi zela. Orkestran ere jotzen du. Gustatu egiten zaio taldean jotzea, eta bandarekin herrian egiten duen lehen emanaldia izango da. "Etxekoak etorriko dira ikustera, amama ere bai. Berezia izango da", esan du. Jesus Mari Arriaran zuzendariak aukeratu duen errepertorioa gustuko du.
Iraitz Apraiz Basaurik 14 urte ditu, eta, bonbardinoarekin hasi bazen ere, orain tuba jotzen du. Lauzpabost urte dira Bergarako Gazte Bandako kide dela, eta kontzertuak ematea du bereziki gustuko. "Taldean jotzea politagoa da. Nire instrumentua, gainera, taldean jotzekoa da". Gogoz dago domekako kontzerturako. "Urteak daramatzat Gazte Bandak Elgetan kontzertu bat emateko eskatzen, eta, azkenean, lortu dut Elgetan jotzea. Oso pozik nago", esan du, irribarrea ahoan.
Biek dute gustuko Arriaranek Elgetako kontzerturako aukeratutako errepertorioa. Otxoak Janus Lesterren Dap dap kantua du pieza kuttunena. Apraizi gehiago gustatzen zaio Super Heroiak moldaketako Superman-en zatia. Herritarrak kontzertua entzutera gonbidatuta daude. 50 bat minutu iraungo du eta askotariko estiloetako dozena bat pieza moderno eskainiko dituzte musikari gazteek.