Egitaraua 08:00etan hasiko da, mendi ibilbidearekin. Kiroldegitik abiatuko da eta Elgeta-Asentzio-Intxorta-Erdella-Santamarinazar-Aixola-Egoarbitza-Karabieta-Elgeta ibilbidea egingo dute mendizaleek. 14:00etan amaituko da, eta ostean, 2025eko finalisten diploma banaketa ekitaldia egingo dute. Eguna amaitzeko, bazkaria egingo dute, 14:30ean.
Asteburu-pasa etortzeko proposamena egin dute antolatzaileek, eta jakinarazi dute eskaera egiten dutenek bezperan kiroldegian lo egiteko aukera izango dutela. Gimnasioa erabilgarri egongo da norberaren lo-zaku eta koltxoiekin lo egiteko. Eta dutxak erabilgarri egongo dira.
Diplomak ibiltarienei
Euskal Mendizale Federazioak urte osoan egiten duen Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien parte hartzaileei egiten dien aitortza da Elgetako urteroko hitzordua. Aurten ere, egutegiko irteera guztiak egin dituzten mendizaleek jasoko dute diploma.
Euskal Mendizale Federazioak, bestetik, prest du 2026ko ibilaldien zerrenda. Martxoaren 29an egingo dute hurrengoa: Aizkardiko ibilaldia izango da. 550 ibiltari daude dagoeneko izena emanda. Ondoren etorriko dira beste 23: Andoaingo ibilaldia, Sakanakoa, Zeberio haranekoa, Joserra Romaña irteera, Hiru Mendi Zerrak ibilaldia, Karrantzakoa, Mugarriz Mugarri, Urdabururen ibilaldia, Kantabria-Toloño zeharkaldia, Txirrika ibilaldia, Baztangoa, Zazpi Kurutze, Fortuna Mendi ibilaldia, Hirukasko irteera, Aizkorriko bira, Gasteiz mendi ibilaldia, Zuiako bira, Ttutturu ibilaldia, Makea Oinez, Orozko harana iraupen mendi ibilaldia, Aiako Harrikoa, Aiba mendi martxa eta Gorobel ibilaldia.
Kantsatzeke mendi taldearenak
Elgetako mendi taldeko ordezkariei lan egitea egokituko zaie domekan, baina haiek ere prest dute 2026ko irteeren egutegia. Gauzak ondo bidean, martxoaren 29an egingo dute urteko lehenengoa; Atxurbidera irtengo dira eta mendi irteeraren ondoren sagardotegi batean bazkalduko dute.
Apiriletik aurrera irteera bat egingo dute hilero, abuztuan salbu. Aurten, Eretza –apirilaren 19an–, Izki –maiatzaren 24an–, Hartzaren Urratsa –ekainak 21–, Gernika-Bermeo –uztailak 19–, Gatz Bidea –azaroak 22– eta Intxorta –abenduak 25– iragarri dituzte. Aurretik, ordea, Euskal Herriko hainbat lekutatik Elgetara etorritako ibiltariei harrera egin behar zaie. Prest dute guztia merezi duten harrera egiteko.