Sprilurrek birgaitze-lanak egingo ditu Pagatza industrialdeko Forjanor pabiloian

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko martxoaren 6a

Forjanor pabiloiaren fatxada nagusia, Pagatza industrialdean.

Urteak dira Sidenor taldekoa zen Elgetako Forjanor pabiloia hutsik dagoela. Sprilurren jabetzakoa da gaur egun eta birgaitze-lanak egingo dituzte eraikinean. Teilatua, zorua eta fatxada konpontzeko 400.000 euroko diru partida jasotzen du Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuak.

Lurzoru industriala kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa da Sprilur. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren ardurapekoa da eta enpresa-sustapena bultzatzea du xede. Helburu horrekin, jarduera ekonomikoetarako azpiegiturak eta eremuak sortzen eta berreskuratzen ditu. Hau da, enpresei lurzoru industrial urbanizatuak, eraikinak eta bulegoak eskaintzeaz arduratzen da, haiek jarduera ekonomikoak ahalik eta ondoen gara ditzaten.  

Sprilurrek esan du Elgetako plantaren kasuan asmoa dela teilatua, zorua eta fatxada konpontzea. Oraingoz, ez dute argitu lanak noiz hasiko diren. "Luze jo dezake. Lehen urratsa proiektua idaztea izango da. Proiektua idatzi ostean, onartu egin beharko da, eta onartu ostean obrak lizitaziora aterako dira. Obra esleitu eta gero hasiko dira lanak", adierazi dute.

Erakargarriago egiteko

Ez da lehen aldia Forjanorren pabiloia izandako lurzoruan garbiketa eta egokitzapen lanak egiten dituztela. Industria-lurzoruen deskontaminazioa egin zuen bertan Mugertza enpresak orain urte batzuk. 

Sprilurrek nahi du Elgetako pabiloia proiektu ekonomiko berriendako erakargarri izatea. "Helburua da eraikina berregokitzea, ondoren merkaturatzeko. Asmoa da interesa duen enpresaren bati alokatzea edo saltzea", argitu dute.

Jose Antonio Jainaga buru zuen multinazionalaren parte zen Elgetako lantegia. Azkoitiko, Elgetako eta Legazpiko plantak martxa zituenean, Gipuzkoan urtean 225.000 bat tona altzairu ekoizten zituen konpainiak. Elgetako planta estanpazio bertikalaren bidezko forjan espezializatuta zegoen, eta hotza zein beroa jotzen zuten bertan.

2005ean Gerdau eta Santander taldeek erosi zuten enpresaren %80. Orduan, 51 langile ziren Pagatzako plantan. 2008ko azaroan enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu zuen zuzendaritzak eta 2009ko otsailean jakin zen Elgetako langile guztiei eragingo ziela. 2010eko otsailean etorri zen Elgetako Forjanor lekuz aldatzeko erabakia. Ordurako hemeretzi langile ziren Pagatzako ekoizpen-lantegian, eta taldeko beste planta batzuetan eskaini zieten lana. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak