Domekan aldarrikatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Elgetan kafe-tertulia feminista batekin hasiko dute Martxoaren 8ko egitaraua.
Bihar, eguena izango da, Udalak antolatu du eta Ekua elkarteko Noa Estevez gizarte-hezitzaileak gidatuko du. "Kafe-tertulia feminista topaketarako eta hausnarketarako gune bat izango da. Formatu parte-hartzailea izango du, eta, egunotan argitaratutako hainbat albiste abiapuntu hartuta, berdintasunarekin eta indarkeria matxistekin lotutako elkarrizketa sustatuko dugu", azaldu dute Ekuakoek. "Gertaerak ikuspegi feministatik eta komunitariotik aztertuko ditugu, elkarrizketa, pentsamendu kritikoa eta parte-hartzea sustatuz". Azpimarratu dute tailerra tabernan egingo dutela, kafea edo beste edozer hartzen duten bitartean. "Helburua da espazio erosoa, segurua eta hurbilekoa sortzea", esan dute. Landuko
Sexu-esplotazioarekin, sexu-indarkeriarekin, kontsentimentuaren gaiarekin, kontsentimenduaren eta desioaren arteko desberdintasunarekin, indarkeria obstetrikoarekin eta indarkeria instituzionalarekin lotutako albisteak izango dira abiapuntua, eta indarkeria matxisten aurrean erantzun komunitarioarekin lotutako gaiak landuko dira. "Irakurketa eta azterketa kolektiboaren bitartez, egiturazko indarkeria, adostasuna, botere-abusua, isiltasunaren kultura, ahizpatasuna, erantzukizun komunitarioa eta halako kontzeptuak landuko ditugu". Ekuakoek azpimarratu dute jarduera irekia dela eta mistoa izateko bokazioarekin antolatu dutela, gainera.
'Emakume basatia', barikuan
Etzi, barikua, Emakume basatia izeneko ipuin saioa egingo du Maider Galarzak, udal liburutegian. "Ipuin saio horretan, emakume bakoitza bere atetxo magikoan jotzera gonbidatu nahi dut, emakume basatia emakume guztion osasuna delako. Historian zehar debekatua, zigortua, zapaldua eta ezikusia izan den edota arriskutsutzat, ezegonkortzat edo erotzat hartu duten arren, emakume basatia beti berpizten delako. Emakumerik zuhurrenak ere bere tokirik sekretuenean gorderik daramalako", aurreratu du Maider Galarzak. 15 urtetik gorakoendako saioa da eta 19:00etan hasiko da.
Domekan 'Antxitxiketan'
Martxoaren 8rako, berriz, Antxitxiketan proba, elkarretaratzea eta poteo musikatua iragarri ditu Elgetako Amantalak talde feministak. "Lilatoira taldean joateko deialdia egin genuen, baina izena ematerakoan konturatu ginen itxarote-zerrendan geundela, eta, denbora batera, izen-emate hori deuseztatu egin zuten. Asko geundenez parte hartzeko gogoz, erabaki genuen ez bagindoazen Lilatoira, Lilatoia ekarriko genuela Elgetara", azaldu du Amantalak taldeko Jose Arbuluk. Proba plazatik irtengo da, 11:30ean, eta Emakume Erresistenteen plazatik Domingo Iturbe kalera egingo du; bueltan etorri eta Salbador kalea igo eta jaitsiko ditu, eta plazan amaituko da. "Giro oso polita egongo da, beroketa ariketak batera egingo ditugu eta nork bere erritmora egingo du proba, antxintxika zein oinez. Aukera ezin hobea da Elgetako emakumeen eta genero disidenteen arteko saretzea sustatzeko eta handitzeko".
Antolatutako gainerako ekintzetan ere parte hartzeko gonbita egin du talde feministak: "Feminismoak lekua behar du Elgetan, eta elgetarrok feminismoa jaso behar dugu".