Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez Elgetan izan da. Iragarri du martxoaren 9tik aurrera eskaripeko sei zerbitzu berri izango dituela Elgeta eta Bergara lotzen dituen DG20E lineak.
Bergarako irteera berriak izango dira 08:00etan, 09:30ean, 10:30ean eta 18:00etan eta Elgetako irteera berriak 10:00etan eta 11:00etan. Guztiak eskaripekoak izango dira.
Ikasleendako hobekuntza
Bestelako aldaketak ere iragarri ditu Dominguezek. Orain arte Bergaratik 15:30ean irteten zen zerbitzua 15:20ean irtengo da aurrerantzean. Autobus horretan igotzen dira Elgetara batxilergoa Bergaran egiten duten ikasleak. Gazteak etxera arinago eta erosoago itzultzeko egin du aldaketa Diputazioak. "Horrelako doikuntzek zerbitzu erosoagoa eskaintzea ahalbidetzen dute, itxaronaldi gutxiagorekin, eta, ondorioz, mugikortasun ohitura jasangarriagoak sustatzen dituzte belaunaldi gazteen artean. Gainera, autonomia handiagoa lortzen dute, ez baitira inoren mende egoten klasera joan edo itzultzeko", adierazi du Dominguezek.
Elkarlanaren emaitza
Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxea "pozik" agertu da zerbitzuaren indartzearekin zein ikasleei begira egindako doikuntzarengatik. "Neurri hauek azken hilabeteetan Mugikortasuneko diputatuarekin egindako hainbat bileratan landutako lanaren emaitza dira. Zerbitzuaren indartzeak Elgetako herritarrei mugitzeko aukera gehiago ematen dio eta gure herriak historikoki izan duen konexio arazoetako bati neurri handi batean erantzuten laguntzen dio. Hala ere, oraindik beharrezkoa da Debagoieneko mugikortasuna hobetzen jarraitzea, neurri hauek eragin handiagoa izan dezaten; eta horretan ari gara lanean eskualdeko alkateok elkarlanean".
