'Ehuntzen' proiektuaren bigarren urratsa: 'Esperientzia inspiragarriak'

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko otsailaren 26a

Bakardadearen gaineko Elgetako lehen solasaldiko argazkia.

Bakardadea lantzen duten bi proiektu ezagutzeko tartea hartuko dute gaur, otsailaren 26a, 18:00etan Espaloi Kafe Antzokian. 

Debagoiena Ehuntzen proiektuak, bakardadearen ezagutza zabaldu eta gaiarekiko sentsibilizazioa sustatu nahian, hurrengo urratsa egingo du, Esperientzia ispiragarriak izeneko saioarekin. Otsailaren 26an Espaloi Kafe Antzokian elkartuko dira, bigarrenez, 18:00etatik 19:30era. Garazi Otsoak, Debagoiena Ehuntzen proiektuko koordinatzaileak, azaldu du aurreko hitzaldian bakardadearen inguruan eztabaidatu eta erantzukizun komunitarioa mahai gaineratu ondoren, bakardadea lantzen duten proiektuak ezagutzeko momentua ailegatu dela.

Bi proiektu inspiragarri

Esperientzia inspiragarriak saioan, Zestoako Udalean martxan dagoen Zaintza sarea eta Hernaniko Udalean martxan dagoen Komunitatea eraikiz zaintzailea zainduz proiektua ezagutzera emango dira. Jardunaldi horien bidez, beste herri batzuetan garatutako esperientziak ezagutu eta identifikatuta, Elgetan horiek egingarriak eta zentzuzkoak diren identifikatu nahi da. Saioa hasteko, proiektuaren gaineko testuingurua emango dute; ostean, bi esperientzia azaltzeko tartea hartuko dute; eta, bukatzeko, herritarren parte-hartzea izango da protagonista.

Parte-hartzea, ezinbestekoa

Helburua ez da beste herrietako esperientziak ezagutzea bakarrik, Elgetan martxan jarri daitezkeen ekimenen inguruko ideiak jaso eta partekatzea ere bada. Horregatik, behin esperientziak ezagututa, dinamizatzaileak saioa gidatuta herritarren parte hartzea sustatuko da. Amaieran galdera irekiak izango dira, herritarren ahotsa entzun eta bakardadea jorratzeko ekosistema iraunkorra eraikitzen joateko. Ez da izenik eman behar joateko, eta, solasaldia amaitutakoan, luntxa egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak