Taher Ali: "Palestinarrok gure etxeetara itzultzeko eskubidea izan arte borrokatuko gara"

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko otsailaren 20a

Erbesteko bigarren belaunaldiko palestinarra da Taher Ali (Madril, 1990), babes politikoaren semea, eta haren familiako hainbat kide Gazan bizi dira oraindik. Ateneo Palestino taldean militatzen du, eta, haren herriaren aurkako sarraskia ezagutarazteko, hitzaldiak eta sentsibilizazio jarduerak antolatzen ditu. Azkena Elgetan egin zuen, eguaztenean, Elgeta Palestinarekin taldearekin elkarlanean.

Nolakoa izan zen zure azken bisita? Duela hamar urte inguru izan nintzen azkenekoz Gazan familia bisitatzen, eta ordurako eraikin asko suntsituta zeuden. Bizimodua aurrera ateratzeko aukerak urriak ziren: blokeo gogorra zegoen, eta gaur are handiagoa da. Muga noiz itxiko zuten ez zenekien; irteera bera ere ez zegoen bermatuta. Pobrezia hedatua zen, baita ur edangarria eskuratzea ere.

Gaur egun, nolakoa da egunerokoa? Gazan sarraski-kaiola batean bizi dira; Zisjordanian egoera ez da hobea. Jarduera ekonomikoa itota dago, mugitzeko askatasuna mugatua da, eta ura zein janaria eskuratzea ez dago bermatuta. Jendeak, hala ere, eta ez dakit nola egiten duen, ikasten jarraitzen du, karrerak ateratzen, ezkontzen...

"Ekonomikoa itota dago, mugitzeko askatasuna mugatua da, eta ura zein janaria eskuratzea ez dago bermatuta"

Zein da zuen aldarria? Kolonizazioa lehengoratu egin behar da palestinar guztiok gure etxeetara itzultzeko eskubidea izan dezagun. Ordura arte eta horretarako, erresistentziarako eskubidea dugu. Ahalik eta baliabide gehien erabiliz; adibidez, borroka armatua.

Zer aldatu da su-etenetik hona? Palestinak etena egin duela eta orain Israelek soilik jaurtitzen duela sua. Uste dut 600 pertsona inguru hil dituztela zuzenean. Zeharka askoz gehiago izango dira: gaixotasunengatik, desnutrizioagatik, malnutrizioagatik... Bitxia da: Gazan Coca-Cola bat edo pote bat Nutella erosi dezakezu, baina zaila da proteina, bitamina edo barazkiekin zerikusia duen dieta bat eramatea; ondo elikatzea.

Zein ari da izaten nazioarteko erakundeen erantzuna? Argi dago nazioarteko komunitateak esku hartzeko gaitasun erlatiboa duela eta momentuko botere-korrelazioari erantzuten diola. Netanyahuk atxilotzeko agindu baten itzalean, Europako Batasuna zeharkatu du; nahikoa adierazlea da hori. Genozidioa gelditzeko ahal dutena egitea eskatu behar zaie erakundeei, baina badirudi oso lasai daudela gertatzen ari denarekin. Helburua Israelgo soldadua salbatzea da, interes geopolitiko nabarmeneko base militar bat izatea, petroliotik hurbil dagoena.

"Aberkide bat Euskal Herrira etortzen den bakoitzean harritu egiten da leihoak eta balkoiak gure herrialdeko banderarekin ikusita"

Euskal Herrian sentsibilitate berezia sumatzen duzu? Aberkide bat etortzen den bakoitzean, harritu egiten da leihoak eta balkoiak gure herrialdeko banderarekin ikusita. Sentsibilitate historikoa dela esango nuke. Kritikoa izateagatik, batzuetan elkartasuna instintiboa da, eta ez du atzean irakurketa politikorik. Potentzial handia dago, baina maiz stop genozidioa aldarrikatzera mugatzen da; agian, helburu handiagoak falta dira.

Zer egin daiteke hemendik? Boikota tresna eraginkorra da: kontsumoan edo kontsumitzeari uko egitean, kulturan, kirolean... Aldi berean, borrokan dagoen herri bati elkartasuna adieraztean, ezinbestekoa da herri hartako kideek esandakoa entzutea. Sarri, hirugarren munduko herrialdeez hitz egitean, borondate onez egin arren, kanpotik markatzen dira jarraibideak eta aldarrikapenak. Herriaren ahotsa erdigunean jarri behar da, nola jokatu jakiteko.

Zein da zuen eginkizuna diasporatik? Diasporaren eginkizuna aldatu egiten da lurraldearen arabera. Jordanian daudenek borrokaren gertutasuna eta monarkiaren kontrola bizi dituzte; Libanon daudenek mugaren ondoan egoteak dakartzan tentsioak eta erresistentzia sareekiko loturak dituzte. Mendebaldean gaudenon egitekoa didaktikoagoa da: ezkerreko eta indar emantzipatzaileei gure errealitatea azaltzea.

Olio solidarioa eskuragarri

Palestinako herriari elkartasuna adierazteko, olio solidarioa salgai dago; 5 litroko potea 40 eurotan eskuratu daiteke, El Humoso kooperatibatik zuzenean ekarria. Eskaerak Telegram bidez egin daitezke, Elkartasun Olixoa taldean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak