Udalak laster aurkeztuko du 2025eko likidazioa. Aurretik, 176.288 euroko kreditu-aldaketa onartu du, Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin.
Kreditu-aldaketa esanguratsuenetako batzuk –murriztutakoa eurotan– partida hauetan izan dira: etxez etxeko zerbitzua (42.014), eguneko zentroa eraberritzeko lanak (34.000), eskolako jangela proiektua (26.574), eguneko zentroaren bideragarritasun txostena (9.000), kiroldegiko mantentzea (7.652), irisgarritasun lanak (6.471), webgune berriaren hedapena (6.000), energia plana (5.517), Goiena elkartea (2.184) eta auzoetako jaietarako laguntzak (1.390).
Kontrara, handitu diren partidetako batzuk honako hauek dira: ordainsari-osagarriak (43.195), Bideberri mankomunitatea (42.014), herriko jaiak (11.264), hondakinen bilketa eta Epeleko gastuak (10.565), eguneko zentroaren zerbitzuak (8.945), kale eta parkeen mantentzea (5.591), liztor beltzaren kanpaina (3.066) eta txakurtegiko zerbitzua (2.208).
Oposizioa, "kezkatuta"
EAJko ordezkariek "kezka" agertu dute. "Badakit teknikoki egin beharra dagoela aurreikusitako partida batzuk gainditu egin direlako eta ekitaldia itxi egin behar delako. Baina, partidaz partida sartu gabe, ikusten duguna da jaitsi edo desagertu diren partidetako asko inbertsioen atalekoak direla, eta, aldiz, handitzen direnak eguneroko funtzionamendu gastuetara edo mantentze lanetara bideratutakoak direla. Hortik ondorioztatzen duguna da hasieran onartutako aurrekontua ez zela errealista edo bestela orain ez dagoela hasiera batean inbertsio horiek egiteko zegoen borondatea (…) Onartuta daukagu 2026ko aurrekontua –gure adostasunarekin gainera–, eta zalantza sortzen zaigu berdina ez ote den pasatuko urte bukaeran".
"Ezustekoak izan dira"
"Onartzen dut pare bat partidatan ez dugula aurreikuspena ondo egin", esan du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Akats handia izan dugu, esaterako, Debagoieneko Mankomunitatearekin lotutako diru-partidekin; bereziki, Bideberri mankomunitateari dagokionez. Mankomunitateak Udalak baino geroago onartzen du aurrekontua, eta hor igoera handia izan zen. Baina beste partida askorekin gertatutakoak ez daude gure esku. Aurrekontu bat aurreikuspen bat da, eta beti dago akatsa egiteko arriskua. 2025eko ezusteko handiena eskolako jangela proiektua bideratu ezina izan zen. Horrek ekarri zuen partida handi bat beste partida batzuetara bideratzea eta hor hainbat inbertsio berri irten ziren, jakin barik, hasiera batean, zein kostu zehatz izango zuten. Gero, langileen gastua dago: bajak badaude, bajak ordaintzeaz gainera ordezkoen gastuak ere ordaindu behar dira, eta 2025a, zoritxarrez, ez da urte ona izan. Espero duguna da aurtengo aurrekontuarekin berdina ez gertatzea".