150 urte bete dira Bigarren Karlistaldiko azken borrokaldia Elgetan izan zenetik. Otsailaren 13an izan zen urteurrena, eta efemeridea gogora ekartzeko hitzaldia egin zuen Elgetan, Zumalakarregi museoko arduradun Mikel Alberdi Sagardiak. Bete egin zen udaletxeko osoko bilkuren aretoa.
Garaiko prentsako hainbat grabatu erakutsi zituen Alberdik, eta azaldu zuen bataila hura Elgetan gertatu zela herria leku estrategikoan dagoelako. "Tropen atzera eta aurrera haietan erdian zegoen, eta, bataila handi haietako bat izan ez bazen ere, karlisten azken defentsa ekarri zuen. Erregegaiak handik bi astera egin zuen ihes Frantziara. Orduan eman zen bukatutzat gerra eta etorri zen foruen deuseztatzea", azaldu zuen.
Maroto jenerala eta Elgeta
Lehen gerra karlistaren inguruan ere aritu zen Alberdi eta Rafael Maroto jeneralaren inguruan hainbat bitxikeria kontatu zituen.
Lehen gerra karlistan, esaterako, ez zen Elgetan bataila garrantzitsurik gertatu, baina dokumentu batzuek jasotzen dute Maroto jenerala eta On Carlos erregegaia Elgetan elkartu zirela Gipuzkoako pare bat batailoi karlistarekin. Gerra amaitzear zen, ia galduta zegoen eta tropak animatu nahi zituzten. "On Carlosek diskurtsoa bota omen zien tropei, baina gehienak euskal hiztun elebakarrak ziren eta ez zioten ezer ulertu". Tropetako jeneraletako bati eskatu omen zioten itzulpena egiteko eta haren itzulpena ere hala moduzkoa izan omen zen. Bi bertsio daude gertatutakoaren inguruan. Horietako batek dio jeneral gipuzkoarrak soldaduei zera galdetu ziela: "Zer nahi duzue, mutilak?" eta tropak "Bakea" erantzun omen zuen.
Emigratu eta Txilen hil zen Maroto 1853. urtean. Maroko etxeko konde moduan hil zen, baina bigarren titulu bat ere bazuen: Elgetako bizkondea, alegia. Ez da titulu hori oinordetzan jaso duenik ezagutzen.
Alberdiren hitzaldiaren ostean afari-tertulia egin zuten hainbat lagunek Ozkarbi elkartean.