Ikuska Lizarraldek hiru batzorderen ardura hartu du: Hezkuntza, Kirolak eta Jaiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko otsailaren 16a

Ikuska Lizarralde, Kepa de Vegarengandik ardura berrien inguruko hainbat informazio jasotzen.

Kepa de Vega ordezkatzera dator Lizarralde eta lanaldi erdiko liberazioa izango du. Alkatearen soldata bera izango du: 33.922 euro urtean, gizarte segurantza barne.

Elgetako udalbatzak ezohiko osoko bilkura egin zuen martitzenean. Besteak beste, Ikuska Lizarralderen zinegotzi kargu-hartzea onartzeko ekitaldia izan zen. Lizarralde EH Bilduko ordezkaria izango da eta Kepa de Vegak arrazoi pertsonalengatik utzitako zinegotzi kargua hartu du. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak bezala, jardun erdiko lanaldia eskainiko dio Elgetako Udalari, eta Hezkuntza batzordeko, Kiroletako batzordeko zein Jai batzordeko ardurak hartuko ditu. Horrekin batera, Elgetako Udalak UEMAn dituen bi ordezkarietako bat izango da; Maialen Arnedo da bestea.

Lizarralderendako 32.922 euroko soldata gordina onartu du udalbatzak, hamalau ordainsaritan banatuta eta gizarte-segurantzako gastuak kontuan hartuta. Gauzak horrela, Ibon Unzetabarrenetxea alkatearen dedikazio eta soldata bera izango ditu. 

Oposizioaren abstentzioarekin

Alderdi jeltzaleko hiru udal ordezkariak abstenitu egin ziren bozketan. Azaldu zuten liberazioaren gaineko informazioa falta zitzaiela eta galdetu zuten ea zein ardura hartuko dituen Lizarraldek, kontuan hartuta pertsonalean Turismo eta Kultura teknikari bat badagoela orain. Jeltzaleek onartu zuten lanik ez dela falta, baina mahai gainean jarri zuten Udalaren pertsonal egituraren egokitasuna berraztertzeko premia. Horren harira, Mikel Larrea bozeramaileak esan zuen ez zutela nahikoa informaziorik lan jardunaldi erdi horren inguruko dedikazioaren inguruan. Bestela esanda, Lizarraldek aurrerantzean hartuko dituen arduren inguruan ezer gutxi zekitela. Horrekin batera, agintaldi hasieratik Udal Gobernuko zinegotzien liberazioetan egondako aldaketak ekarri zituen gogora.

Ibon Unzetabarrenetxea alkateak onartu zuen denbora-epe laburrean hartutako erabakia izan dela, eta aldaketa ez dela Pertsonal batzordean denboraz tratatu. Onartu zuen oposizioak ez zuela ezohiko osoko bilkura aurretik Lizarralderen arduren inguruko informaziorik jaso. Orduan azaldu zuen Lizarraldek Hezkuntza batzordeko, Kiroletako batzordeko zein Jai batzordeko ardurak hartuko dituela, eta, horrekin batera, etxebizitzen egoeraren inguruko azterketaren zein egitekoa den udal langileen gaineko balorazioaren jarraipena egingo duela. Azpimarratu zuen, baita ere, kiroldegi berriaren proiektuak dedikazioa eskatzen duela eta Lizarralderen liberazioa oso ondo etorriko dela esparru horretan ere bultzada emateko. 

"Igarriko da" 

"Uste dut igarriko dela aldaketa", esan zuen Ibon Unzetabarrenetxea alkateak, eta gogoratu zuen Ikuska Lizarralderen lan-jardunaldi erdiko dedikazioa berak alkate moduan duen beste erdiari gehituta lan-jardunaldi oso bat osatzera helduko direla, eta gehitu zuen liberazio berria justifikatuta dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak