Herriko sei baserritara eraman zituzten Inauteriak kokoek: hain zuzen ere, Larrosa, Aixola Goikoa, Errota Bekoa, Txulokua, Larrabilburu eta Barrutiara. 50 bat laguneko kuadrilla koloretsu bezain zaratatsuak harrera bikaina jaso zuen etxe guztietan.
Hartz handiaren eta txikiaren iluntzeko topaketak, Gorrien plazako dantza saioak eta Ustekabe txarangak amaieran ipinitako festa giroak borobildu zuten eguna. Hain zuzen ere, badira bost urte Elgetan koko-batzearen ohitura berpiztu zutela. Zenbait lekukotza oinarri hartuta ekarri zuten bueltan Goibeko euskara elkarteko kideek, eta aurtengo eskean beste baten berri jaso dute. Errota Bekoa baserriko Joxe Mari Zubierrementeriak gogoan ditu kokoen bueltan amandreak txikitan kontatzen zizkion pasarteak eta abesten zizkion koplak. Jasoketa txukuna egitera joatekoak dira konpartsako kideek.
Hala, balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek, eta esker oneko hitzak dituzte bai baserritarrendako, bai konpartsako kideendako, bai antolaketan lagundu duten eragile eta norbanako guztiendako.
"Aurten ere koska bat gora"
"Egia esan, pentsatzen dugu urtero-urtero ezin daitekeela hobetu, baina aurten ere koska bat gora egin dugu", azaldu du Goibeko euskara elkarteko presidente Ainara Iribarrek. Hiru arrazoi nagusi nabarmendu ditu: "Alde batetik, Aixolako adingabeen zentroan egindako bisita. Giro ona, inplikazio handia eta herritarrekin harremanak landu ziren. Hau dena dibertsio eremu bat eraikiz eta kantuan eta dantzan elkarrekin eginda. Oso ondo hartu gintuzten bai zentro hartan bai Aixola inguruko gainontzeko baserrietan. Esateko asko dute urtegi ondoko baserritarrek, eta gu pozik entzuten".
Koko-batzea euskararendako espazio moduan ere sortu dela azpimarratu du: "Talde ederra osatzen dugu eta den-denok bat egiten dugu bi gauzatan: bata, baserritarrei eta lurrari errespetua zor diegula; bestea, euskaraz nahi dugula ondo pasatu".
Aurtengo nobedade nagusietako bati buruz ere hitz egin du: "Gorriek plazan egin duten dantza erakustaldia. Ekintza iniziatiko moduan bizi dugu guk, jakin badakigun arren herrian aurkeztuta daudela lehenagotik. Ondo dantzatu zuten banakoa, eta herritarrek aitortu zieten herrian duten lekua. Zorion mezu asko jaso dituzte eta sareetan sekulako ikustaldi piloa izan du egin duten emanaldiak. Bejondeiela!".