Mikel Alberdi: "Elgeta leku estrategikoa da; karlistak erretiratzen ari zirela gertatu zen 1876ko bataila"

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko otsailaren 9a

Zumalakarregi museoko arduradun Mikel Alberdi.

Bigarren gerra karlistako azken bataila Elgetan izan zen. Otsailaren 13an beteko dira 150 urte. Efemeridea gogora ekartzeko hitzaldia egingo du Elgetan Zumalakarregi museoko arduradun Mikel Alberdik (Irun, 1962). Eguenean izango da, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Afari-tertulia ere egingo dute Ozkarbi elkartean. Aurrez eman behar da izena.

Zein unetan gertatu zen Elgetako bataila?

1868an altxamendu bat egon zen Espainian eta tronutik bota zuten Isabel II. erregina. Savoiako Amadeo ekarri zuten Italiatik hura ordezkatzeko eta hori oso gaizki hartu zen Euskal Herriko lurraldeetan; izan ere, karlismoak indar handia zuen oraindik ere eta bazuen bere erregegaia; Carlos VII.a. Hori gutxi balitz, Savoiakoak gutxi iraun zuen tronuan eta Espainiako I. Errepublika etorri zen. Nahasmen handiko urteak izan ziren eta testuinguru horretan berrantolatu ziren karlistak. Gehienak baserritarrak ziren.

Non hasi zen gerra eta nola heldu zen Elgetara? Zein unetan?

Bigarren karlistaldiko lehen borroka Orokietan (Nafarroa) izan zen, 1872ko apirilean. Karlistak berrantolatzen hasiak ziren eta jende asko elkartu zuten. Carlos VII.a ere bertan zen, baina arma gutxi zituzten eta sekulako jipoia jaso zuten. Erregegaiak Frantziara ihes egin zuen; gutxigatik ez zuten preso hartu. Orduan, Santa Cruz apaizak eta bere taldeak jarraitu zuten borrokan, ia bakarrik karlistak berrantolatu eta berriz gerran sartu ziren arte. Nekazaritza eremuetan nagusitu ziren, baina ez hiriburuetan. Lehen karlistaldian ere berdina gertatu zitzaien. Elgetako bataila 1876ko otsailaren 13an gertatu zen tropa karlistak erretiratzen ari zirela. Eta zergatik Elgetan? Ba, leku estrategikoa delako. Tropen atzera eta aurrera horietan erdian zegoen eta bataila handi horietako bat izan ez bazen ere karlisten azken defentsa suposatu zuen. Erregegaiak handik bi astera egin zuen ihes Frantziara. Orduan eman zen bukatutzat gerra eta etorri zen foruen deuseztatzea.

Bataila honen inguruan arituko zara eguenean?

XIX. mendeko Elgetari errepaso orokor bat emango diot. Lehen gerra karlistan gertatutakoak ere ekarriko ditut gogora, badago-eta zer kontatu. 

Informazio asko dago gai honen inguruan?

Bibliografia eta iturri asko dago eta garai hartan prentsak ere izan zuen bere garrantzia. La Ilustracion Española y Americana aldizkarian, esaterako, borrokaldien jarraipena egin zuten eta gerra ia guztiaren kontakizuna egin zuten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak