Egun horretan esnatuko dira bai hartz handia eta bai hartz txikia, eta guztiak prest egon behar du ordurako. Parte hartzea zabalik dago 16 urtetik gorako herritar guztiendako. Erakusketan bertan eman daiteke izena.
Mozorroa prestatzea, berriz, ez da zaila: nahikoa da trapu zahar batzuekin janztea eta aurpegia estaltzea. Erakusketan dauden jantziak ere erabiltzeko daude. Nahikoa da izena ematerakoan bat aukeratzea.
Aixola bueltako baserrietara
Kokoen konpartsa baserriz baserri ibiliko da aurten ere. Goizean Aixola inguruko baserrietara eramango dute festa giroa eta arratsaldean Larrabilzearra ingurukoak bisitatuko dituzte.
Antolatzaileak harremanetan daude baserritarrekin; izan ere, baiezkoa ematen duten horiengana bakarrik joango dira kokoak. Gainerakoan, oraingoan ere, gosaria eta bazkaria Ozkarbi elkartean egingo dituzte eta festa amaiera herriko plazan izango da, Ustekabe txarangarekin. Aurreikusita dago, bestalde, gazteek –Gorrixek– protagonismo handiagoa hartzea dantzetan, eta, iaz izandako arrakastaren ostean, hartz txikia ere izango da aurten. Iluntzean elkartuko da hartz handiarekin.
Prestaketa saioak barikuetan
Koko-batzea prestatzeko lantaldea martxan da urtarriletik. Aurreko barikuan zabaldutako erakusketa prestatzen eta koko-batze eguna antolatzen eman dituzte azken asteak. "Aste honetan hasiko gara parte hartzaileekin lehenengo entseguak egiten. Kiroldegiko gimnasioan elkartuko gara dantzak gogora ekartzeko, mozorroak prestatzen laguntzeko eta sor daitezkeen bestelako zalantzak argitzeko", azaldu du Goibeko Euskaltzaleen Mugimenduko presidente Ainara Iribarrek. Saioak 19:30ean izango dira gaur, hilaren 30ean eta otsailaren 6an.
Kokoen funtzioa
Koko-batzea eske-erronda bat da: komunitatea lotzen du eta gazteek lehen urratsak egiten dituzte helduen komunitatean. Hala, gazteak dira benetako protagonistak. "Plana da baserriz baserri jasotakoarekin parranda egitea, eta ez da arinkeria bat. Baserriz baserriko ibilbide horretan helduen komunitateko kide oso izango diren gazteek ikasten dituzte herriaren mugak, ze bide dauden toki batetik bestera joateko, etxe bakoitza non dagoen eta nor bizi den bertan... Eta horrek ezagutza ematen die parte izango diren komunitate horren lurraldetasunaren inguruan". Horrekin batera, Inauterien molde tradizionala itzuli dute kokoek Elgetara.