Etxebizitza Mendizaleen plazan dago. Herritarrek mediku-etxea izenez ezagutzen dute eta Udalak 2020. urte amaieran eraberritu zuen goitbik behera. Igogailua duen eraikin bateko lehenengo solairuan dago. "Gazteei bideratutako alokairu partekatuko etxebizitza izatea nahi dugu. Urteotan beste premia batzuk izan dira eta ezin izan da proiektua gauzatu, baina orain etxebizitza libre gelditu da eta deialdi publikoa egingo dugu, hiru gazteri baldintza justuetan emantzipatzeko aukera emateko".
Unzetabarrenetxeak esan zuen proba pilotua izango dela; izan ere, Udalaren asmoa da eguneko zentro berriaren proiektuak aurrera egiten badu zerbitzuak gaur egun erabiltzen duen etxebizitza ere gazteen alokairura bideratzea. "Elgetan bertan emantzipatzeko aukera behar dute gazteek, eta alokairu justu batekin. Asko kezkatzen gaituen gaia da", gaineratu zuen.
Etxebizitza komunitarioa
Hiru gaztek –neskak hirurak– hartu zuten parte egitasmoa aurkezteko martitzenean egindako informazio-batzarrean.
Gizarte Ongizate Saileko zinegotzi arduradun Saioa Alberdik eman zituen azalpenak, alkatearekin batera. "Etxebizitzak hiru logela ditu eta asmoa da hiru laguni eskaintzea alokairu publikoan. Etxebizitza komunitario moduan planteatzen dugu: bakoitzak bere logela izango du eta gainerako espazioak komunak izango dira –egongela, sukaldea eta komuna–. Udalak babestutako proiektua izango da, eta bizikidetzan oinarritua. Logela bakoitzak kontratu independentea edukiko du –ofiziala eta seguruarekin–, eta ezingo da azpialokairurik egon".
Deialdi publikoa iragarri dute udal arduradunek. 18-30 urte arteko elgetarrei egongo da zabalik eta bete beharreko baldintzak izango dira: gutxienez urtebetez Elgetan erroldatuta egotea eta urteko diru-sarrerak 7.200 eta 26.000 euro artekoak izatea. "Malgutasunez jokatuko dugu diru-sarreren baldintzarekin", esan zuten Unzetabarrenetxeak eta Alberdik. "Ikusten badugu zailtasun bat dela, errebisatu egingo ditugu kopuruak".
Alokairu-baldintzak
Alokairuaren prezioa izango da gaztearen diru-sarreren %15 –gutxienez 90 euro–, eta prezio horren barruan sartuko dira argindar zein ur gastuak. Udalak ordainduko ditu, "baldin eta kontsumoa arduratsua bada".
Bestetik, gehienez ere bi urterako alokairu kontratuak izango dira, itxarote-zerrendan inor ez badago hiru urtera arte luzatu ahalko direnak. "Oinarrizko bizikidetza-arau batzuk adostu beharko dira", azaldu zuen Alberdik. "Udalak, bestetik, hiru baldintza hauek jarriko ditu: denen arteko errespetua; ez da eraso sexistarik, arrazistarik edo homofoborik onartuko; eta hondakinak ondo bereizitu beharko dira"