Elgetako EAJk udal aurrekonturako proposamenak aurkeztu ditu, "udalerriaren benetako beharrei erantzuteko eta epe ertain eta luzera begira dauden proiektu estrategikoen oinarriak ezartzeko". Azpimarratu dute "gizarte-ongizatean, hiri-berroneratzean eta udal kudeaketa modernoagoan aurrera egiteko proposamena errealistak eta lehentasunezkoak" direla. Horrekin batera, "ekimen zehatz, bideragarri eta herri ikuspegi bizigarriago, irisgarriago eta kohesionatuago batekin lerrokatutako ekimen multzoa" dela.
Proposamen nagusiak
Proposamen nagusien artean dago eguneko zentro berriaren proiektua "behin betiko bultzatzea". Jeltzaleek uste dute "herriko pertsona nagusiak artatzeko funtsezko azpiegitura" dela eta proposatu dute 2026ko udal aurrekontuan 50.000 euroko partida bideratzea San Roke kaleko eraikinaren erosketarekin aurrera egiteko.
Bestalde, Torrealdean etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertzeko baliabideak bideratzea planteatzen dute jeltzaleek, "beste erakunde batzuekin koordinatuta lan eginez". Alderdi jeltzalearen arabera aukera hori da "zentzuzkoena". Diote lehendik dagoen eraikuntza-egitura aprobetxatuko litzatekeelako eta, nolabait, herrigunea osatuko lukeela.
Udaletxea eraberritzeko aurreproiektua idaztea ere garrantzitsua deritzote "energia-eraginkortasun, irisgarritasun, hezetasun eta espazio-faltako arazoak konpontze aldera". Jeltzaleek azaldu dute helburua dela udal langileen lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzea.
Proposamen nagusi horiekin batera planteatu dute herritarren adierazpen askerako panelak instalatzea, kultura agenda eta udal informazioa zabaltzeko informazio pantaila digital bat ipintzea, edo dokumentazio historikoaren eta administratiboaren kontserbazio eta irisgarritasun egokia bermatzeko udal artxiboa profesionalizatzea.
"Proposamen horiek ez dira burutazioak, ezta promesa hutsak ere; pauso konkretuak dira Elgetako bizi-kalitatea hobetzeko eta etorkizuna erantzukizunez planifikatzeko", azaldu du Elgetako jeltzaleen bozeramaile Iker Lakak. "Gure adinekoak zaintzeaz ari gara, gazteei etxebizitzarako sarbidea errazteaz, udala modernizatzeaz eta espazio publikoaren erabilera ordenatuagoa eta erabilgarriagoa egiteaz, betiere herritarren ongizatean pentsatuz".
Eztabaida "eraikitzailea"
Jeltzaleek borondatea agertu dute aurrekontu-eztabaidan "modu eraikitzailean laguntzeko" eta proposamen horiek udal kontuetan sartzeko lan egiteko borondatea berretsi du. "Baikorrak gara Udal gobernuarekin akordio bat lortzeari begira. Gure konpromisoa argia da: ekarpenak egitea, akordioak lotzea eta zerbitzu gehiago, aukera gehiago eta pertsonentzat pentsatutako udal kudeaketa duen Elgeta defendatzea", nabarmendu du Lakak.
Elgetako jeltzaleek Udal Gobernuari egindako proposamenak (2026)