Urrian hasi zuten hamar bikotek Elgetako eskuz binakako pilota txapelketa, eta zenbait hilabetez lehian jardun eta gero abenduaren 31 goizean jokatu zituzten finalak. Hala, finalean, Txomin de Vegak eta Josu Mañarikuak ezin izan zuten nahi besteko estuasunetan jarri bikote irabazlea, Oxel Erostarbe eta Urtats Azpitarte, eta azken hauek jantzi zuten txapela (22-12). Hala, txapelketako hirugarren bikote onena Beñat Arabaolazak eta Unai Andresek osatutakoa izan da, eta laugarren sailkatu dira Etor Garate eta Jon Irazabal.
Horrekin batera, pilotari erregularrena Oxel Erostarbe txapelduna izendatu zuten antolatzaileek; eta, torneoan lehen aldiz parte hartu duten eta txapelketako pilotari gazteenak izan diren Ander Sarasua eta Arkaitz Errastirekin keinua ere izan zuten sari banaketa ekitaldian.
"Gustora geratu gara txapelketak emandakoarekin. Pena izan da emakumezkoz osatutako bikoterik izan ez dugula. Hurrengo torneorako ere egingo diegu gonbidapena", adierazi du Ibon Unzetabarrenetxeak.