Ohitura da Elgetan ere Gabon Egunean Gabon kantak abestera irtetea. Maala guraso elkarteak antolatu du ekintza aurten eta hamabost bat kantuko errepertorioarekin irten dira kalez kale umeak eta gurasoak. Eguraldiak ez du gehiegi lagundu eta beroki eta aterki ugari zegoen, baina taldea gogotsu irten da eta herriko ohiko puntuetan egin dute kantuan elgetarrek.
Domingo Iturbe kaleko etxe berdean, esaterako, hiru kantu abestu dituzte. Kantuan egiteko ohiko lekua da, eta aterpea du gainera. Gogoz abestu dute eta eskuzabalak izan dira bertako bizilagunak. Maindirea zabaldutakoan txanpon eta billete dezente joan dira.
Gaurko ekintzarekin lortutako dirua seigarren mailako neska-mutikoen ikasturte amaierako bidaia ordaintzeko izango da. Kantuan amaitutakoan taldeko kide guztiendako hamarretakoa eskainiko du guraso elkarteak.