Olentzero eta Mari Domingi beti bezain irribarretsu heldu dira Elgetako plazara

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 23a

Esan dute "izugarri ondo" bizi direla Intxortan, baina asko gustatzen zaiela gaurko egunarekin Elgetako plazara jaistea urtero. Seigarren mailako neska-mutikoek lagunduta heldu dira plazara. Umeen gutunak jasotzera eta patxoak eta gozokiak banatzera etorri dira.

Ilunpetan egin dute Intxortatik Salbador ermitarainoko bidea, baina buruz ezagutzen dutela esan dute eta kriseiluak lagunduta heldu direla. Salbador kaleko goiko aldean elkartu dira elgetarrekin. Asko zeuden zain bidegurutzean eta pozik hartu dute ikazkinaren eta haren lagunaren etorrera.

Olentzerok eta Mari Domingik jendez inguratuta egin dute plazarainoko bidea eta behin iritsita guraso elkarteko kideek prestatutako aterpean eseri dira umeen gutunak jasotzeko. Denak irakurriko dituztela esan dute eta badakitela Elgetako neska-mutikoak, salbuespenak salbuespen, oso formalak direla.

Trikitilariak eta txokolatea

Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita oso garrantzitsua da elgetarrendako eta Adolfo Jainagaren trikitixa eskolako ikasleen parte hartzearekin egiten diete harrera bi lagunei. Trikitilariak jo eta jo aritu dira udaletxeko arkupean Olentzeroren eta Mari Domingiren omenez.

Aldi berean, seigarren mailako neska-mutikoak txokolate-beroa banatzen izan dira. Ikasturte amaierako bidaia prestatzen ari dira eta borondatearen truke eman dute edalontzi bero-beroa eskatu dutenei.

Laster beste herrietan

Gaur Elgetan izan dira Olentzero eta Mari Domingi baina bihar Debagoieneko beste herri eta auzo askotan izango dira. Lan handia dute aurretik baina lasai egoteko esan dute, denetara helduko direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak