Lau eta erdiko gazte kategoriako txapelduna da Lur Egizabal elgetarra

Ibai Irasuegi Garai 2025eko abenduaren 22a

Gazte eta promesa kategorietako finalistak; ezkerretik hasita bigarrena da Lur Egizabal. (Irudia: Emakume Master Cup).

Gazte kategorian, Lur Egizabal elgetarrak Irati Benito zornotzarra izan zuen aurkari, eta lehia estu baten ondoren, debagoiendarrak finala irabaztea lortu zuen 18 eta 14. 

Joan den domekan, hilaren 21ean, jokatu ziren emakumezkoen gazteen, promesen, eta lehen mailakoen Lau eta erdiko finalak, Gernikako Santanape pilotalekuan. Gazte kategorian, Irati Benitoren eta Lur Egizabalen artean jokatu zen finala. Markagailuari dagokionez, eguneko partidarik estuena izan zen gazte kategoriakoa, eta, lehia luze baten ondoren, txapelarekin egitea lortu zuen elgetarrak, lehen tantotik azkenera arte haren aurkaria baino erregulartasun handiagoa erakutsiz. 

Gazte kategoriako finalaren ondoren, promesen txanda izan zen. Bertan, Alize Sagardui goizuetarrak 18 eta 8 menderatu zuen Marta Gomez Ortuellarra. Eta, 14 urterekin, dagoeneko Binakako Txapelketa Nagusia eta Nafarroako Irekia txapelketak irabazita, eskarmentu handiko pilotaria dela erakutsi du Sagarduik. 

Gamide, txapeldun handia

Promesen eta gazteen finalez gain, txapelketa handiko lau eta erdiko final handiaren agertoki izan zen Gernikako Santanape pilotalekua. Enara Gamidek eta Amaia Aldaik jokatu zuten finala, eta, bertan, partiduko lehen tantoa eskuratu zuenetik amaierara arte, markagailuan nagusi izan zen Gamide. 10 eta 22 amaitu zen partidua, eta, kaiolako txapelarekin, denboraldi berean lau eta erdikoa eta binakakoa irabazten duen lehen pilotaria bilakatu baita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak