Egun bereziak datoz, eta, horren seinale, Herri Eskolan gaur izango dute urteko azken laneguna. Berezia izango da. Neguko Azoka egin ostean, ikasleak kalez kale ibiliko dira kantuan, eta guraso elkarteak eskainitako hamaiketakoa izango dute ondoren. Urtarrilaren 7ra arte oporrak hartuko dituzte gero.
Oporrak hasi direla ospatzeko film laburren emanaldia prestatu du liburutegi zerbitzuak. Jakin-mina eta fantasia pizten duten lau lan izango dira, 18:30ean hasita. Amaitutakoan, 16 urtetik gorakoen txanda izango da, eta emakumeak protagonista diren lau zinta ikusteko aukera izango dute.
Olentzero eta Mari Domingi
Martitzenerako iragarri dute bisita Olentzerok eta Mari Domingik. Urtero moduan, 18:30 bueltan jaitsiko dira Intxortatik eta elgetarren gutunak jasoko dituzte plazan. Gozokiak eta musuak banatuko dituzte. Une horretatik aurrera, Gabonetako urteroko egitaraua izango da Elgetan.
Gabon egunean, esaterako, kantu-eskean irtengo dira eskolako familiak, 11:00etan. Kalez kale ibiliko dira, bazkaltzeko ordura arte.
Eguberri egunerako, berriz, Intxorta puntan elkartzeko dei egin du Kantsatzeke mendi taldeak. Txistorra eskainiko diete hain egun seinalatuan mendira joatera animatzen direnei.
Haur parkea
Udalak antolatzen duen haur parkea abenduaren 29an eta 30ean izango da aurten. Frontoian egingo dute, 16:00etatik 20:00etara. Sarrera hiru euro da.