Elgetako eraikin esanguratsuenetako bat da Kataia, eta eraberritze lanak behar ditu. Diputatuen Kontseilua Elgetan elkartu zen apirilean, eta diputatuek orduko bisitan ikusi zuten eraikinaren egoera bertatik bertara. Aldundiak, ordutik, hainbat proiektu iragarri ditu, eta hasita dago batzuk egiten.
Eraikinak dituen 28 leihoak berritu egin ditu, esaterako. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak egin ditu lanak, eta amaituta daude. Zuhaizki izeneko enpresak egin du leihoen aldaketa, eta lanek 41.588 euroko inbertsioa ekarri dute.
Katai-etxea Foru Aldundiaren jabetzakoa da, eta hamar urteko lagapen-hitzarmenak sinatzen dituzte Udalak eta Aldundiak kultura etxea elgetarren erabilerarako izan dadin.
Teilatua eta fatxadak
Eraikineko leihoen aldaketaren ostean, teilatua eta fatxadak berritzeko lanak etorriko direla iragarri du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek. "Exekuzio proiektu teknikoa idazteko lanak esleituta daude", esan du.
Zetabi arkitektura bulegoak idatziko du eta bertan zehaztuko dira eraikinean egin beharreko lanak", gaineratu du. Oraingoz, ez dago informazio gehiagorik. Exekuzio proiektu teknikoa idazteko lanek 10.587 euroko aurrekontua dute.
Bost armarri fatxadan
Elgetarrendako eraikin oso esanguratsua izanagatik, Katai-etxeak ez du babes-maila berezirik. Hori bai, historia du; izan ere, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko muga ezartzen zuen antzina, eta kate batek ixten zuen pasabidea –hortik dator izena–. Aurrera jarraitu nahi zuenak ordaindu egin behar zuen. "Bergara eta Elorrio lotzen dituen errepidea eraikinaren azpitik igarotzen da", esan du Dominguezek. "Eraikinak, guztira, 474 metro karratu inguruko azalera erabilgarria du".
Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko muga izateak, bestalde, hainbat armarriren kokapen izatea ekarri dio Katai-etxeari. Fatxadan ikus daitezke Elgetako, Elorrioko eta Bergarako armarriak, eta teilatuan daude Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa. Pentsatzekoa da teilatuko eta fatxadako lanekin batera eraberrituko dituela bost armarriok Foru Aldundiak. Exekuzio proiektu teknikoak zehaztuko du hori.
Semaforoa aldatzeko eskaera
Arkua estua da eta zirkulazioa txandakatzeko semaforoak daude Katai-etxearen alde bietan. Plaza barrenean dagoena aldatzeko eskaera egina du Elgetako EAJk. Laster egingo dela eman dute aditzera. "Aurreko semaforoaren bakulu edo arku-besoa kentzea nahi dugu, fatxada tapa ez dezan", esan du EAJko Iker Lakak. Bide Azpiegituretako Departamentuak kudeatu beharreko moldaketa da. Oraingoz, ez dago aldaketa egiteko dataren inguruko informaziorik.