Basalgo parke eolikoaren gaineko informazio batzarra egingo dute Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 17a

Herritarrek egindako eskariz antolatu du batzarra Udalak. Proiektuak zer aurreikusten duen, Elgetan zer nolako afekzioak eragingo dituen eta Udalak aurkeztuko dituen alegazioen inguruko informazioa emango du Ibon Unzetabarrenetxe alkateak.

Joan den urriaren 17tik ikusgai daude Arena Power Solar 10 SLU enpresak Basalgo parke eolikorako aurkeztutako aurretiazko administrazio-baimen eskaera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arruntaren hasiera eta hari lotutako azpiegiturena. Sei aerosorgailu izango lituzke parke eolikoak –hiru Bergaran, bi Eibarren eta bat Soraluzen–, eta Elgetan ere izango luke eragina azpiegiturak: proiektuak aurreikusten du bertako lurretatik igarotzea parke eolikora ailegatzeko bidea. Azurtza auzotik, hain zuzen ere.

Alegazioak aurkezteko epea abenduaren 16ra artekoa zen, baina inplikatutako udalen eskariz atzeratu egin zuten. Hilaren 22a da alegazioak aurkezteko azken eguna.

Informazio batzarra Elgetan

Udalak herritarrak informatzeko batzarra deitu du biharko, hilak 18. Udaletxeko areto nagusian egingo dute, 17:30ean. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak hartuko du hitza. Azaldu du herritarrek egindako eskariz antolatu dela batzarra. Proiektuak zer aurreikusten duen, Elgetan zer nolako afekzioak eragingo dituen eta Udalak aurkeztuko dituen alegazioen inguruko informazioa emango du alkateak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak