Urtea amaitu aurretik egin behar da garajeetako pasabide-lizentzien tramitazioa

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 12a

Pasabide-lizentzia aterata daukan Elgetako lokal bateko plaka.

Udalak kalkulatzen du 220 bat garaje direla baimena eskatu behar dutenak. 

Elgetako garaje-jabeek urtea amaitu aurretik egin behar dituzte pasabide-lizentziak erregularizatzeko eskaerak. Udalbatzak uztaileko osoko bilkuran hartu zuen erabakia, aho batez hartu ere. "Garaje pribatuetan sartzeko autoek domeinu publikoko espaloiak eta galtzadak erabiltzen dituzte, eta kasu gehienetan garaje horiek ez dute pasabide hori baimentzen duen lizentziarik", esan zuen bilkura hartan Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Kalkulatzen dugu Elgetan 220 garajetik gora egongo direla egoera horretan eta hamar bat direla pasabide-lizentzia ordaintzen dutenak", gaineratu zuen.

Ibilgailuek espaloietan eta galtzadetan sortzen dituzten kalteak ere azpimarratu zituen Unzetabarrenetxeak: "Mantentze-ardura Udalarena da. Horrek esan gura du herritar guztien zergetatik ordaintzen direla lanak. Ez dugu uste justua denik". Oposizioak ere begi onez ikusi zuen neurria: "Gure taldea ados dago. Zerbait behar zen. Azken finean, bi helburu betetzen dira neurri honekin; alde batetik, lizentzia ordaintzen dutenen eta ordaintzen ez dutenen artean berdintasun printzipioa ezartzea, eta, bestetik, neurri hori diru-iturri ere izango da", esan zuen Elgetako talde jeltzalearen bozeramaile Mikel Larreak.

Ordenantza, ikusgai

Orain arte Elgetako garaje-jabeek ez dute pasabide-lizentziarik ateratzeko derrigortasunik izan, eta neurriak askotariko iritziak eragin ditu herritarren eta garaje-jabeen artean. Egoera arautzeko, pasabideko IBI-lizentzien ordenantza egin du Udalak, aurretik hainbat Ogasun batzordetan lanketa egin ostean.

Ordenantza 30 eguneko epean egon da jendaurrean, eta, aurkako alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko izaeraz onartuta geratu da. Herritarren zein Udalaren eskubideak eta betebeharrak eta lizentziak lortzeko prozedura jasotzen dira bertan, besteak beste. Ikusgai dago irailaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udalak sare sozialetan zein kartelen bitartez zabaldu duen QRan.

Bando bat atera zuen Udalak, erregularizatu gabe dauden pasabide-lizentziak borondatez erregularizatzeko informazioarekin. "Lehen eskaerak hasi dira heltzen", esan du aste honetan alkateak. "Abenduaren 31ra arteko borondatezko epe bat ezarri dugu. Behin epe hori pasata, Udalak ofizioz aztertuko du erregularizatuta ez dauden garajeen egoera". Ordutik aurrera, gutun bidezko jakinarazpenak bidaliko dizkie Udalak erregularizatu gabeko garajeak dituzten jabeei non pasabide-lizentzia eskatu behar dutela adieraziko zaien. Udalaren asmoa da garajeen pasabideko IBI-lizentzien gaineko tasa 2026tik aurrera kobratzea.

Dagokion tasa –euro kopurua– garajeak dituen plaza kopuruaren arabera finkatuko da eta ordenantza fiskalen bidez eguneratuko da urtero. "Gure asmoa da urtarrilaren 1ean hastea ordenantza aplikatzen", esan du alkateak. Pasabide-plaka Udalak emandakoa edo baimendutakoa izango da eta garaje-jabeak ordaindu beharko du: 111,12 euro plaka bakoitzeko. Behin egin beharreko ordainketa da hori.

 

2026ko tasak
Plaza kopurua Urteko tasa (eurotan)
1-3 31,76
3-10 63,49
11-30 95,00
30-50 128,03
+50 177,82

 

Lizentzia eskuratzeko urratsak

Pasabide-lizentzia eskuratzeko alkateari zuzendutako eskabidea aurkeztu behar da. Udaletxean egin behar da tramite hori, pasabide-lizentzia zein eraikinerako den argi eta garbi adieraziz. Horrekin batera aurkeztu behar dira eraikinaren fatxadaren argazkia, jabearen izen-abizenak eta abar.

Aurrerantzean Elgetan garabi zerbitzua egongo ote den galdetu dute herritar askok, eta funtzionamenduaren berri eman du alkateak: "Ibilgailuren batek pasabide-lizentzia atera duen garaje bateko sarrera-irteera oztopatzen badu, Udalak isuna jarriko du. Gero, ibilgailuaren jabearekin harremanetan jartzen saiatuko da, eta, ez badu lokalizatzen, Ertzaintzari eta garabi zerbitzuari deituko zaie. Garabi zerbitzuaren gastua gaizki aparkatuta dagoen ibilgailuaren jabeak hartu beharko du bere gain", zehaztu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak