Elgeta Palestinarekin taldeko kideek salaketa eta kontzientziazio lanarekin jarraitu gura dute eta eskatzen dute Palestina pairatzen ari den genozidioa ez ahazteko.
Hala, gonbidapena egin du buztin gelan jarri duten erakusketa ikustera joateko. Argazkiak, idatziak eta bestelako materiala jarri dituzte ikusgai Genozidioa gelditu, Palestina askatu lelopean. Barikuan zabalduko ditu ateak eta hilaren 31ra arte egongo da ikusgai. Ordutegia honakoa izango da: aste barruko egunetan 18:00etatik 20:00etara eta zapatu eta domeketan 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
No other land ikus-entzunezkoa
Domekan, berriz, No other land ikus-entzunezkoa emango dute Espaloia kafe antzokian, 17:30ean. Nazioarteko zinema jaialdietako hainbat sari irabazi ditu eta Palestinan grabatutakoa da. Lau lagunek sinatzen dute: Yuval Abrahamek, Basel Adrak, Hamdan Ballalek eta Rachel Szorrek.
Zisjordaniako Masafer Yatta-ko ekintzaile palestinar gazte baten bizipenak jasotzen ditu. Basel Adra da bera eta haurtzarotik ari da Israelgo agintariek bere komunitatea masiboki kanporatzearen aurka borrokan. Ikus-entzunezkoan dokumentatzen da nola gobernu israeldarrak zabaldutako soldaduek pixkanaka etxeak eraitsi eta bertako biztanleak kanporatzen dituzten. Halako batean, Yuval kazetari israeldarra ezagutzen du Adrak eta bere ahaleginean lagunduko dio. Horrela, aliantza gertagaitz bat sortzen da. Baina desberdintasun handi bat dago bien artean: Basel okupazio militarraren eraginpean bizi da, eta Yuval, berriz, askatasunez eta murrizketarik gabe.
Dokumentalak 95 minutuko iraupena da. Bi ekintzak Udalarekin elkarlanean antolatutakoak dira.