Movember Elgeta indartzen doa; hitzaldia ere egin dute aurten

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 5a

Hogei bat lagun elkartu ziren Josune zubizarreta urologoaren azalpenak eta gomendioak entzuteko. Bibote onenek, berriz, sariak jaso dituzte.

Movember mugimenduak deituta, badira azaroan bibotea hazten uztea erabaki duten elgetarrak. Gizonezkoen osasun-gaiei buruz kontzientziatzea du oinarri mugimenduak, eta prostatako zein barrabiletako minbiziaren bueltan arreta berezia jartzea.

Iaz moduan, Movember Elgeta taldeak zenbait ekintza antolatu ditu. Horien artean da Zumarragako ospitaleko urologo Josune Zubizarretak azaroaren 27an Ozkarbi elkartean egindako hitzaldia. Hogei bat lagun elkartu ziren medikuaren azalpenak eta gomendioak entzutera. Gaixotasun horien larritasunaren berri eman zuen Zubizarretak.

Balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek: "Hitzaldia, egia esan, oso ondo joan zen. Mediku gaztea da Zubizarreta baina zuzena eta hitzaldia Movemberrendako propio egindakoa izan zen", esan du Movember Elgeta taldeko Mikel Litagok.

Datu asko eman zituen urologoak eta prebentzio neurrien gainean ere aritu zen.

Sariak bibote onenendako

Arlo informalagoa ere izan du Movember Elgeta ekimenak. Mahaiaren bueltan elkartu ziren hainbat lagun aurreko barikuan eta aukera baliatu zuten bibote onenak saritzeko. Elkarren artean egindako botazio bat tarteko lehen saria Gaizka Bolinagak hartu zuen, bigarrena Etor Sarasuak eta biboterik originalenaren saria Iker Diezek.

Ekimenak dirua biltzea ere badu helburu eta produktuz betetako otar baten zozketa egin dute aurten Movember Elgetakoek. Bi urteotan 540 euro elkartu dituzte. Diru hori zein ekimenera bideratu erabakitzeko daukate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak