Euskal gizartea aldatzen ari da. Immigrazioaren harira, hizkuntza-komunitate berriak eta askotariko kulturak iritsi dira Euskal Herrira, baita Elgetara ere. Aldaketa nabarmenak ematen ari dira udalerri euskaldunetan ere, non euskara ardatz izan den orain arteko eguneroko bizitzan, eskolatik udalera, aisialditik kultur eremuetara eta hainbat galdera jarri dira mahai gainean: nola txertatu kulturartekotasuna euskara baztertu gabe? Nola uztartu hizkuntza propioa eta aniztasunaren kudeaketa? Erronka ez da txikia, baina hainbat erakunde eta komunitate lan-esparru berriak ari dira zabaltzen.
UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, esaterako, kulturartekotasuna eta euskara modu integratuan lantzen dituen egitasmoa garatu du 30 eskola ingurutan, eta horietako bat da Elgetakoa. Helburua argia da: aniztasuna ez ezik, aniztasunaren kudeaketa euskaratik egitea, hizkuntza ardatz eta zubi bilakatuz. Kulturartekotasunean adituak diren Huheziko kideek lagundu dute UEMA proiektuaren hasierako oinarri teorikoa eraikitzen, euskara zein aniztasuna epizentroan izanik.
Elgetako abiapuntua
Elgetan azken urteetan errealitatea kolore gehiagoz margotu da, hizkuntza eta kultura askotarikoak bizi dira elkarren ondoan. Euskara erdigunean mantendu eta gainontzeko kulturei bizkarra eman gabe, Elgetako eskolan aurrera eramateko plana martxan jarri dute aurtengo ikasturtean. Talde eragilea, UEMAren gidaritzapean, Udaleko, eskolako eta Maala Guraso Elkarteko ordezkariek osatzen dute.
Egitasmoak, hizkuntza-plangintza izatetik harago, komunitateak ehuntzeko tresna ere izan nahi duela adierazi dute. Bi xede nagusi ditu: euskararen erabilera eta kontzientzia indartzea eta euskaldunak ez diren herritarren parte-hartzea sustatzea.
Erabakiak eta funtzionamendua
Talde eragileak egindako hausnarketarekin, lehen neurriak abian jarri dituzte. Batetik, ikasturte hasierako guraso bileretan aldibereko itzulpena eskaintzea, eta, beraz, bilerak euskara hutsean egitea. Mezu orokorrak euskara hutsean idazteko eta itzulpena egin ahal izateko tresna ere eskolan txertatzen ari direla adierazi dute. Horrez gain, eskolako BAT Taldearekin elkarlanean, kulturartekotasuna lantzeko dinamikak egingo dira, eta eskolako familien etxeko hizkuntzei lekua egitea izango da helburua.
Elgetako euskara zinegotzia den Maialen Arnedok hala dio: "Helburua euskaraz ez dakiten herrikide horiekin gure helburua partekatzea da; alegia, haien bizipenak eta beharrak kontuan hartuta, euskara erdigunean jartzea, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea". Hasiera batean, proiektua eskolan jarri da martxan, eta, beraz, onurak eskola komunitate osoarentzako izango direla aurreikusten da.
Momentuz arreta eskolan jarri da; dena den, aurrera begira, lanean jarraituko dutela adierazi dute: "Gure beharrei erantzuteko aukerak jarriko ditugu mahai gainean". Oraindik ez dakite zeintzuk izango diren zabaldutako bideak; halaber, hezkuntzatik harago eragiteko moduko egitasmoa dela diote talde eragileko partaideek.
Ibon Aginaga: "Zuri-beltzean ikustetik koloretan ikusterako bidea"
Ibon Aginaga (MarkinaXemein, 1985) UEMAko teknikaria Elgetako proiektua kudeatzeaz arduratzen da.
Noiz eta nola iritsi da proiektua Elgetara?
2022an lehen aldiz Zaldibian jarri zen martxan. Ordutik, 30 ikastetxe inguruk hartu dute parte. Elgetan apirilean hasi ginen bilerekin talde eragilea, eta jada abian dago.
Zein da helburu nagusia?
Euskara erdigunean jarri eta familiek jarrera positiboa izatea, aniztasuna errespetatuz.
Zein da tresna digitalen eginkizuna?
Momentuko itzulpenetarako tresna aparta da. Bere arriskua ere badu, jendeak planteatu dezakeelako horrenbeste erraztasunekin: zertarako ikasi? Erakutsi nahi dugu zuri-beltzean ikustetik koloretan ikustera pasatzea dela, denon artean ulertzea.
