Badaramatzazu hainbat urte ingeniari gisa lanean; lan gogorra da?
Esango nuke ingeniari izatea hutsaren araberakoa baino, norberak lan egiten duen enpresaren araberakoa dela lana gogorragoa izatea edo ez. Nire kasuan, gaur-gaurkoz, oso gustura nabil, Liebherr enpresako proiektu zuzendari. Lan askorekin, hori bai, baina oso-oso gustura.
Lana dela-eta kanpora bidaiatu behar izaten duzu?
Egia esan, ez zait askotan tokatu, baina batzuetan joan behar izan dut. Orain lantzen ari garen proiektua, adibidez, Irlandako enpresa batekin elkarlanean lantzen ari gara, eta, hortaz, hara joan behar izan dut. Hori bai, orain, Alemaniara noa beste enpresa batera, eta baliteke han beste modu batean lan egitea eta kanpora bidaiatzea tokatzea.
Etxetik kanpo bizitzera ohituta zaudela esango zenuke ala faltan igartzen duzu herria?
Bueno, gutxi gorabehera. Kanpoan bizi izan naiz urte dezentez. AEBetan egon nintzen, batxilergoa egiten, eta, unibertsitatean ikasten hasi nintzenetik, etxetik kanpo bizi naiz. Hori bai, beti etxetik gertu eta aldiro-aldiro etxera bueltatzen. Gustatzen zait kanpoan bizitzea, baina etxeko giroa eta familia giroa maite ditut. Nire ideia da etorkizunean familiarengandik gertu bizitzea.
Saskibaloi jokalaria zinen Bergaran, eta AEBetara joan zinenean ere ibili zinen; nolako esperientzia da saskibaloi-zale batentzat han jokatzea?
Esperientzia oso polita izan zen AEBetakoa. Saskibaloi-zalea naiz, eta han jokatzea oso aberasgarria izan zen. Gainera, beste modu batean jokatzen da han; normalean jokatzen ez dudan jendearekin ibili nintzen, eta maila handia zegoen. Asko ikasi nuela eta asko gozatu nuela esango nuke.
Gaur egun ere jarraitzen duzu saskibaloian ala beste kirol batzuk probatzen hasi zara?
Ez dut saskibaloian jokatzen. Bere garaian utzi egin nuen eta gaur egun ez dut jarraitzen. Gaur egun korrika egiten dut, eta igeriketan ere ibiltzen naiz; oso gustura nabil bietan.
Musika ere gustuko duzula diozu; instrumenturik jotzen duzu ala entzutea soilik duzu gustuko?
Asko gustatzen zait musika, baina ez dut instrumenturik jotzen. Txikitan gitarra jotzen hasi nintzen, baina oso gutxi ibiltzen nintzen. Hala, musika entzun bakarrik egiten dut; asko, baina entzun bakarrik.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Pizza.
Bidaiatzeko toki bat? Japonia.
Abesti bat? Más que satisfecho.
Saskibaloi jokalari bat? Jimmy Baron.
Munduko gastronomia bat? Euskal Herrikoa.
Elgetako toki bat? Kantxa.