Asteburu zaporetsua izango da elgetarrentzat

Ibai Irasuegi Garai 2025eko azaroaren 21a

Duela bi urte, Pintxo-domekako Lola tabernako pintxoa. Irudia: Artxiboa.

Pintxo-domekaren baitan, pintxo bereziak dastatzeko aukera izango dute elgetarrek zein bisitariek Janela, Haizea, Lola, Maialde eta Bolatoki tabernetan. Asier Kidam magoaren saioa eta argazki lehiaketa ere egongo dira.

Hainbat urte dira herriko giroa sustatzeko eta bertako ostalaritza indartzeko Pintxo-domeka egiten dela Elgetan. Jendea etxetik ateratzeko aitzakia bilakatzen den eguna da, eta, beste urte batez, horrela izaten jarraituko du. Aurten, domeka honetarako, hilak 23, hiru ekintza antolatu ditu Elgetako Udalak: pintxo dastaketa, magia-poteoa eta argazki lehiaketa, hain zuzen ere. Orain dela urte batzuk, bi asteburutan egiten ziren Pintxo-domekak Elgetan. Pintxo lehiaketak ziren haiek, eta taberna bakoitzak bi aurkezten zituen udaletxeko arkupean jartzen zen epaimahai baten aurrean.

Azken urteetan beste dinamika baten aldeko apustua egin du Udalak, eta, ostalarien arteko lehia alde batera utzita, Pintxo-domekak egun bakarrean egiten dituzte duela urte batzuetatik. Aurtengo edizioari dagokionez, joan den urtean bezala, Elgetako Janela, Haizea, Lola, Maialde eta Bolatoki tabernetan pintxo bereziak egongo direla azaldu du Maialen Arnedok, Elgetako alkateordeak: "Taberna bakoitzak bere propioa egingo du, eta taberna bakoitzak erabakiko du zein izango den jendearen aurrean aurkeztuko duen pintxoa".

URTERO MODUAN, SARIA JASOKO DUTE PINTXOEN OSAGAIAK ASMATZEN DITUZTEN BEZEROEK

Iaz bezala, poteo orduetan egingo da pintxo eskaintza. Taberna bakoitzean kaxa bat eta papertxoak egongo dira, eta, Udalak bideratuta, sari bat emango zaio pintxo bakoitzaren osagaiak asmatzen dituen pertsonari. "Taberna bakoitzak bere irabazlea izango du, eta irabazle bakoitzari taberna horretan gastatzeko 20 euroko bonu bat emango dio Udalak", azaldu du Arnedok.

Magia-poteoa, bueltan

Aurreko urteekin alderatuz, aurtengo edizioan ez da trikitilaririk egongo. Urte askoan Jainaga eta Narbaiza trikitilariak izan dira Pintxo-domeketako poteoak girotzeko arduradunak, baina aurten Asier Kidam magoaren eskutik magia-poteoa egingo dute, 12:30etik 14:30era bitartean. "Beste urte batzuetan magia asteburua egin izan da Elgetan. Horrek ongi funtzionatzen zuenez, pentsatu dugu aukera aproposa izango litzatekeela bueltan herrira ekartzea", nabarmendu du alkateordeak.

Argazki lehiaketa

Urtero bezala, pintxoez gain, argazki lehiaketa ere antolatu du Udalak. Pintxo-domekako klasiko bat da. Lehiaketan parte hartu nahi duenak goizeko hamaiketan herriko plazara joan beharko du izena ematera, eta une horretan emango zaizkio lehiaketaren nondik norakoak. "Partaide bakoitzari, izena ematean, lau gai emango zaizkio, eta 16:00ak baino lehenago gai bakoitzeko argazki bat aurkeztu beharko du", azaldu du Arnedok. Irabazleari herriko edozein komertziotan gastatzeko 50 euroko bonu bat emango dio Udalak.

Giro ona

Pintxo-domeka Elgetan ongi finkatuta dagoen eguna da, eta horrelakoen bitartez herrian "mugimendua sortzen" dela dio alkateordeak: "Herrian mugimendu gutxiago ere badago, eta bai uste dugu Elgeta bezalako herri txikietan mugimendu hura sustatu behar dela, horrelako ekimenak antolatu behar direla eta Pintxo-domeka bezalako egunekin jendea etxetik irtetera animatzen dugula".

Aurreko urteetako edizioei erreparatuz, "herritarrek asko eskertzen duten egun bat dela" gaineratu du Arnedok: "Ikusi dugu eguraldiak lagundu ez duen urteetan ere ongi funtzionatu duela. Beraz, Udalak Pintxo-domeken aldeko apustua egiten jarraitzen du: "Ikusten dugu erantzuna oso ona dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak