Bazen behin… Maite Franko (Irun, 1971). Lau mila ipuin saio baino gehiago egin dituen ipuin kontalariak hitzaren bidez irudimena pizteko berezko dohaina dauka. Oraingoan, helduen mundura egingo du salto; izan ere, gaur, Bibliobero zikloaren baitan, erotismoa eta umorea uztartuko dituzte Maite Frankoren ahotsak eta istorioek saio berezi batean.
Nola bilakatu zinen ipuin kontalari? Zein da hasiera, korapiloa eta amaiera zure ibilbidean?
Ez dut korrontearen aurka igeri egin, ahozkotasuna oso presente genuen etxean, nahikoa antzerti mundukoa da nire familia. Gaztetan antzerki profesionalean aritu nintzen, eta gero, Pedagogia ikasi nuen, argi bainuen umeekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuela –pedagogia ez bazen ere, hala izan da–. Geroago, Galtzagorri izeneko elkartean hasi nintzen lanean; bertan ipuin kontalariak kontratatzen nituen. Hori litzateke korapilo nagusia, ipuin kontalariak kontratatzetik euretako bat bilakatzera arteko bidea. Nolabait, neure burua igerilekura bota nuen.
Izurde-irribarretsu moduan aurkezten duzu zeure burua; nor da izurde hori, zeu zara? Literatura pixka bat da, neure burua aurkezteko modu poetikoa. Pertsona baikorra naiz, eta, agian, horren isla dira nire ezpain ertzak, barre egiten dudanean gora begira jarri ohi direnak. Jostaria ere banaiz, eta urzalea; hortik izurdearena.
Pantailak itzali eta hitzen argiaz irudimena piztu; zergatik itzali?
Buru-belarri nago gai horrekin. Teknologiaren eta gailu digitalen erabilera izugarri normalizatuta dago, eta ez dut uste osasungarria denik. Ez gaituzte gizakiago egiten; kontrakoa. Uste dut pantaila itzaliz gero gehienek flipatu egingo luketela: irudimenak zenbat ate ireki ditzakeen eta aspertzea bera ere ze gauza ederra den. Irudimena irudiak sortzeko ahalmena da, egunerokoan ere erabil dezakeguna. Baina hainbeste irudi irensten ditugu, non gure kabuz sortzeko gaitasuna galtzen ari garen sentitzen dut.
"Hainbeste irudi irensten ditugu, non gure kabuz sortzeko gaitasuna galtzen ari garen"
Garaiak asko aldatu dira?
Bai, asko. Lehen, ahozkotasuna gehiago lantzen zen: familiako istorioak kontatzen ziren, nekatu arte entzuten zenituenak; ipuinak irakurtzen ziren, ipuinak irakurtzen zizkizuten. Gaur egun, guraso askok liburu elektronikoak irakurtzen dituzte – irakurtzen badute–, eta mugikorreko bideoak ikusten hartzen dute lo. Lehen, idatzizko letren munduarekin harreman estuagoa genuen; orain, gero eta gutxiago. Erromesen moduan gabiltza pantailaz pantaila.
Baduzu zure ofizioarekin lotutako oroitzapen edo gertaera bitxirik?
Ofizio honek gertaera bitxi asko bizitzera eraman nau. Irakasleak bota behar izan ditut saioetatik: mugikorraren erabilera gehiegizkoa, hizketan ari direlako... Beste batzuetan, programatzaileak paper gainean marraztutako saio ederrak errealitatean ez dira egingarriak; hori ere gertatu zait.
Teknikarik ikus-entzuleak istorioarekin konektatuta mantentzeko?
Lehenengo, istorioa biluztasunean kontatzen dut, hitz hutsez. Ondoren, beste elementu batzuk sartzen hasten naiz: panpinak, parte-hartzea, parodiak... Egoerak eskatzen duenaren arabera erabiltzen ditut esperientziak eta urteek emandako tresnak.
Zer topatuko dute gaurko saiora joaten direnek? Ez da sex-shop bat, baina harritu egingo direla uste dut. Umorea baliatuta sexu-harremanek sortu ditzaketen egoera xelebreak, hiztegi erotikoa, ipuin kreazionistak, auralismoa... Bertara joan beharko dute saioaren sekretuak ezagutzeko.