Etxebizitza premiak ezagutzeko inkesta bat betetzeko deia egin du Elgetako Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko azaroaren 19a

Inkesta udaletxean bete daiteke eta baita ere online (hemen). Astelehenera arte, hilak 24, dago betetzeko aukera. Etxebizitza premia duten adin guztietako elgetarrei luzatu diete deia. Lehen diagnostiko bat egiteko balioko dute emaitzek.

Elgetako Udalak elgetarren etxebizitza premiak ezagutu nahi ditu eta online zein udaletxeko harreran bete daitekeen inkesta prestatu du. Herritarrei eskatzen die inkesta hori betetzeko. Astelehenera arteko epea dago horretarako. "Agintaldi hasieran ikusi genuen etxebizitza huts asko zeudela eta horren aurrean Udalak modu aktiboan jokatu behar duela", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

Azaldu du helburuak bi direla. "Alde batetik, Elgetako etxebizitzaren egoeraren azterketa egitea –arreta berezia jarriz etxebizitza hutsen kuantifikazioan eta karakterizazioan–, eta beste alde batetik jarduera ildoak planteatzea hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko eta alokairura ateratzeko".

Deia adin guztietako herritarrei

Udalak Iker enpresaren bidez egingo dugu inkesta bidezko datu bilketa eta inkesta online zein udaletxeko harreran bete daiteke astelehenera arte, hilak 24.

Unzetabarrenetxeak azaldu du etxebizitza premiak ez duela zertan gazteengan bakarrik eragina izan. "Egon daitezke beste adin batzuetako pertsonak ere beharrarekin eta horien iritzia jasotzea ere garrantzitsua da".

Hiru faseko prozesua

Inkestak balioko du herrian dauden etxebizitza premien inguruko lehen diagnostiko bat egiteko; izan ere, azterketak hiru fase izango ditu.

Lehenengoan, Elgetako biztanleriaren, etxebizitza parkearen eta higiezinen merkatuaren testuinguruaren azterketa egingo da. "Une honetan azken pausoan gaude, non inkesta bat zabaltzen den herritarrei", esan du alkateak.

Prozesuaren bigarren fasea izango da herriko etxebizitza hutsen analisia egitea. Unzetabarrenetxeak azaldu du hainbat erregistrotako informazioaren bidez identifikatuko direla hutsik egotearen zantzuak dituzten etxebizitzak. "Etxebizitza horien egoera, antzinatasuna eta kokapena aztertuta egiaztatu ahal izango da alokairu merkatuan jartzeko duten bideragarritasuna".

Prozesuaren hirugarren eta azken fasean alokairuko etxebizitzen parkea handitzeko eta alokairurako sarbidea errazteko jarduera ildoak identifikatuko dira lehen eta bigarren faseetan egindako diagnostikoa baliozkotuz. "Posible den kasuetan Udalak etxebizitza hutsen jabeekin jarriko da harremanetan haien iritzia jasotzeko. Gainerakoan, gaiarekin lotutako arazo nagusiak identifikatuko dira eta egon daitezkeen irtenbideak planteatuko dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak