Memoriaren horma-irudia

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko azaroaren 14a

Ione Elkoro, Jokin Oregi 'SorTwo' eta Nerea Villa horma-irudia atzean dutela.

Hamabost urte bete ditu Intxortako ibilbide tematikoak. 36ko gerrako gudariek eta milizianoek zazpi hilabetez eutsi zieten frankisten erasoei, eta gaur egun memoria-lekua da lubakien gunea. Azken lau urteetan 3.574 bisitari jaso ditu. Horrekin batera, bisita gidatuen eskaintza indartuko dute Elgeta eta adinez gazteagoak direnendako materiala prestatzen ari dira.

Errepidetik ikusten da Udalaren enkarguz Jokin Oregi SorTwo artista bergararrak memoria historikoaren euskal interpretazio zentroan egin duen horma-irudi erraldoia. "Espazioari ikusgarritasun handiagoa eman nahi genion. Jendea, orain, berehala konturatuko da eraikin horretan badagoela zerbait garrantzitsua", azaldu du Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak.

Proiektuak 4.200 euroko aurrekontua izan du eta udal ordezkariak pozik daude emaitzarekin. "Elgeta ondo irudikatzen duen horma-irudi bat nahi genuen eta artistari hainbat eskakizun egin genizkion. Ezinbesteko ikusten genuen Anttoni Telleriaren irudi bat egotea, eta baita ere gudariak, bonbardaketa egin zuten hegazkinak, zein biktima izan ziren emakumeak eta umeak. Emaitzarekin oso pozik gaude", esan du Memoria Historikoaren eta Turismo Saileko batzordeburu Ione Elkorok.

Hain zuzen ere, maiatzean bete ziren 15 urte Intxortako ibilbide tematikoa martxan jarri zela. Bisitariak historiaz beteriko hainbat memoria gune ezagutu ditzake bertan. Alde batetik, askotariko dokumentazioa, objektuak eta armak daude ikusgai kafe antzokiaren aldeetako batean kokatutako interpretazio zentroan, eta, bestetik, 36ko gerran frontea izandako lubakien gunea dago.

Udalak berriki berritu ditu lubakiak, eta baita ibilbideko hainbat informazio-panel ere. Bisita nork bere kabuz egiteko, martxan da elgetamemoria.eus webgunea.

Espazioa indartzea helburu

Elgetarrek urrian ekarri dituzte gogora 1936ko erasoaldiak. Intxortako fronteko miliziano eta gudariek zazpi hilabetez eutsi zieten frankisten erasoei. Hurrengo urtean beteko da 90. urteurrena. "Modu berezian ospatuko dugu. Memoria, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen jarraitzen dugu", esan du Unzetabarrenetxea alkateak.

Gaur-gaurkoz, hileko lehen eta azken domeketan eskaintzen dituzte bisita gidatuak Elgetan. Intxorta 1937 kultur elkarteko Nerea Villak egiten ditu gidari lanak. "Azkenaldian oso oso ondo funtzionatzen dute bisitek. Aurten, 1.166 lagun etorri dira. Gehienak ikastetxeak izan dira, baina egun-pasa etorritako bestelako taldeak ere izan ditugu. Hain zuzen ere, hamabi lagunetik gorako taldeek nahi duten egunean eska dezakete bisita gidatua".

Villa ere pozik da Oregik egindako lanarekin: "Beharrezkoa zen. Jendea etortzen zen eta batzuetan ez zuten zentroaren sarrera ikusten. Orain, argi dago. Ikusgarri gelditu da, gainera!".

Elgetan argi dute garrantzitsua dela memoria historikoa lantzen jarraitzea, eta gazteenen artean badagoela zer landu. Orain, 10- 14 urteko umeentzako ikus-entzunezko bat prestatzen ari dira.

Gazteentzako euskarri berriak

"Enpresa espezializatu batekin ari gara", esan du Ione Elkorok. "Dugun materiala helduendako da, baina umeek ere jakin behar dute hemen zer gertatu zen. Hori bai, ondo neurtu behar dugu errelatoaren gordintasuna. Horretan ari gara".

Asentzioko memoria-guneari ere presentzia handiagoa eman gura dio Udalak. "Hausnarketa prozesu bat egiten ari gara. Herritarren iritzia eskatuko dugu laster".

- - -

Jokin Oregi SorTwo: "Anttoni Telleriaren erretratua egitea izan da zailena"

Akrilikoekin egin du horma-irudia Jokin Oregik (Bergara, 1988). Tamainaz antzerako lan asko egin ditu, baina sekula ere ez 1936ko gaiarekin.

Aurrerantzean zure horma-irudiak egingo die harrera bisitariei. Pozik hartu duen formarekin?

Bai; nire ustez, presentzia ematen dio lekuari.

Zein izan da egiteko zatirik zailena?

Anttoni Telleriaren erretratua. Argazki zaharra da eta kalitatez ez oso ona. Erretratua, gainera, oso handia da. Gero, faktore sentimentala oso handia da. Familia gertu bizi da eta ikustera etorri dira. Ondo egin nahi nuen. Bai, Anttoniren erretratua izan da egiteko zailena.

Zenbaterainoko askatasuna izan duzu horma-irudian zure aletxoa ipintzeko?

Irudiaren konposaketa izan da nire ekarpen nagusia. Emandako argazkiekin collage bat egin dut. Atzean dagoen ikurrinaren abstrakzioa ere nirea da.

Ezagutzen zenuen espazioa?

Baditut senitartekoak gai honen bueltan urteetan ibili direnak. Ikus-entzunezkoa ikusita neukan, baina bertan egon barik nengoen. Oso interesgarria iruditu zait; batez ere, jende gaztearendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak