Paula Ansa: "Guraso guztiak ez dira sexologoak baina umeek egindako galderei erantzuna eman behar zaie"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko azaroaren 14a

Liburutegiaren Bibliobero zikloaren barruan, LH1-LH5eko umeendako sexu-heziketa tailerrak eskainiko ditu Loveo elkarteko Paula Ansak (Errenteria, 2002) Elgetan. Aste honetan egin du saioa LH1, LH2 eta LH3ko umeekin eta hurrengoan izango da LH4tik gorakoendakoa. Izen-ematea zabalik da.

Zein beharko luke adin tarte honetako umeei zuzendutako sexu-hezkuntza?

Sexualitatea jaiotzen garenetik hiltzen garen arte bizi dugun prozesu bat da eta une oro gabiltza beste pertsonekin harremanetan. Sexualitatea ez da finkoa, baizik eta aldakorra. Ulertzeko, agian pertsonalitatearekin alderatuko nuke nik: bost urte ditugunean gure pertsonalitatea modu batekoa da, zazpi dauzkagunean aldatzen da eta geroz eta helduagoa izan pertsonalitate gero eta konplexuagoa dugu. Sexualitatearekin antzerako zerbait gertatzen da.

Guraso moduan ez da erraza jakitea adin bakoitzaren arabera nola jokatu. Orokorrean, guk geuk ere ez dugulako jaso ganorazko sexu-heziketa?

Hori horrela da. Horregatik, haurrekin saioak egin ondoren oso baliagarria izaten da gurasoekin ere egitea. Osagarria izaten da eta modu bat da umeekin egindako lanketak etxean jarraipena izan dezan.

LH1-LH3 arteko ume bati zeri buruz hitz egiten zaio sexu-hezkuntza saio batean?

Alde batetik identitatea lantzen dugu. Hau da, beraien pertsonalitatea. Eta baita ere intimitatea.

Eta LH5-LH6ko umeei?

Sexualitatea zer den lantzen dugu. Txikiek baino gehiago entzungo dute kontzeptu hori. Bestetik, intimitatea eta harremanak ere lantzen ditugu. Intimitatea errepikatu egiten da. Aldea da intimitatea ulertzeko modua desberdina dela adin honetan. LH2-3ko ume batek ez du intimitateari buruz ideia zehatz bat, baina LH5-6koek bai. Bestela esanda, lanketaren sakontasun maila beste bat da.

Orokorrean nolakoa da gure seme-alabek jasotzen duten sexu-heziketa?

Sexu-heziketa kasu gehienetan hezkuntza formalean jasotzen dute umeek eta normalean LH6 mailan edo hortik aurrera. Zergatik? Adin horretan etortzen zaigu hilekoa neskei eta orain arteko heziketa saio horien helburu nagusia izan da nahi gabeko haurdunaldiak eta gaixotasunak saihestea.

Hori apurtu egin behar da. Loveotik uste dugu prebentzioan zentratu beharrean hezkuntzan eta balioetan zentratu nahi dugu. Garrantzitsua da nahi ez diren haurdunaldiak eta gaixotasunak saihestea baina baita ere garrantzitsua da lantzea norberaren autoestimua, familian sortzen diren gatazken kudeaketa, harremanak lagunekin, nori utzi norberaren gorputza ukitzen edo ez… Horrelako kontzeptuak lantzea eta kudeaketa egokia egiteko tresnak ematea oso garrantzitsua da.

Garrantzi handiagoa eman beharko genioke umeen sexu-heziketari?

Bai. Oso motel doa gai hau. Loveotik saiatzen gara ume txikiagoak direnean hastea baina oso zaila da; izan ere, ikastetxe askotan badago interesa baina aurrekontua falta dute. Nahia badago txikitan hasi eta batxilergorainoko jarraipena egitea baina ez da posible izaten. Guri aurrekontu asko eskatzen dizkigute baina onartzeko orduan ez dira proiektuak gauzatzen diru faltagatik eta tailer puntualak egiten dira LH6 edo batxilergoko 2. mailan.

Noiz hasi beharko genuke heziketa sexualarekin eta batez ere nola?

Gomendioa da txikitatik hastea; izan ere, txikitatik hasten gara erreferentziak hartzen. Noski, guraso guztiak ez dira sexologoak baina oso garrantzitsua da gida bat izatea eta umeek egiten dituzten galderak beti erantzutea. Gertatu daiteke momentuan zer erantzun ez jakitea, baina ez da entzungorrarena egin behar. Esan ez dakigula erantzuten baina kontsultatuko dugula, edo egin bilaketa elkarrekin edo… Kontua da umea erantzunik gabe ez uztea eta batez ere iseka edo antzekorik ez egitea. Umeak adierazitako kuriositateari beti egin behar zaio jaramon.

Gidak edukitzea lagungarria izan daitekeela aipatu dituzu. Gomendiorik egingo zenuke?

Normalean 3 eta 15 urte arteko umeek oso antzerako galderak egiten dituzte. Errepikatu egiten dira: zer da sexualitatea? Nondik datoz umeak? Zergatik dituzte titiak emakumeek?... Hori horrela, Loveo elkartean badugu galdera horien zerrenda horiendako erantzun posibleekin. Gure Instagram profilera idatzi eskaera eginez eta doan bidaltzen ditugu. Oso baliagarriak dira; izan ere, sexologoek prestatutako materiala da.

Goiz hasi behar da sexu-hezkuntzarekin batez ere gazteak nerabezarora edo helduarora iristerakoan heziketa bat jasota edukitzeko. Zertarako? Harreman toxikoak identifikatzeko, jarrera desegokiak saihesteko eta abar.

Interneten erabilera, sare sozialetan gertatzen direnak, pornoaren kontsumoa… Horiek ere kezka handia sortzen dute gurasoen artean.

Gertatzen da baina lasaitasun mezua zabaldu nahi dut. Ikerketa asko egin izan dira eta ikusi da pornoaren kontsumoa, esaterako, ez dela hain nabarmena. Oso alarmistak diren titularrak entzuten ditugu baina ikerketek beste errealitate bat islatzen dute. Gazteen informazio iturri nagusia familia, lagunak, eskola, liburuak, hedabideak edo pelikulak dira. Inguruko pertsonak eta edukiak bilatzen dituzte eta nagusiki off line bizitzakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak