Azken urteotako ohiturari jarraituz, azarorako ekintza sorta prestatu du Ozkarbi elkarteko zuzendaritzak. Gaur, barikua, emango diote hasiera egitarauari, Garazi eta Amaiur Barrena arrasatearren kontzertuarekin. Ahizpak dira eta udan ekin zioten elkarrekin emanaldiak egiteari. "Euskal kantak jotzen ditugu. Errepertorioa zehaztu gabe dugu oraindik, baina jo ohi ditugu Zaindu maite duzun hori, Merezi ote, Eperrak... eta estilo horretako kantuak", azaldu du Garazi Barrenak. "Ordubete inguruko saioa izango da. Nik gitarra jotzen dut eta Amaiurrek, trikitia", gehitu du.
Gazteak dira bi arrasatearrak: Garazik 21 urte ditu eta Amaiurrek, 19. "Etxean jo izan dugu elkarrekin, baina uda honetan hasi gara kontzertuak ematen. Ugaon, Seguran, Antzuolan... jo dugu eta gustura ibili gara". Lehenengo aldiz joko dute Elgetan: "Ez dugu elkartea ezagutzen, baina gustuko dugu espazio txikietan jotzea. Leku bakoitzak du bere xarma, eta denak dira ezberdinak", esan du Garazi Barrenak.
Ozkarbi elkarteak eta Goibeko Euskaltzaleen Mugimenduak elkarlanean antolatutako emanaldia da. 2019an ekin zioten elkarlanean kontzertuak antolatzeari. Ordutik Mikel Urdangarin, Petti, Jon Basaguren,Txuma Murugarren edo Polito Ibañez izan dira Ozkarbi elkartean.
Gaurko kontzertua 19:00etan hasiko da eta sarreraren prezioa 4 euro da –Goibekoko bazkideek, 2 euro–.
Domekan mendi irteera
Azaroko bigarren ekintza domekan izango da, hilak 9. Ozkarbi elkarteko zuzendaritzak mendi irteera antolatu du. Taldea 10:30ean elkartuko da, Mendizaleen plazan, eta asmoa da Goikomendi eta Azkonabieta aldera egitea.
Adin guztietako herritarrei zabalik dagoen irteera da eta antolatzaileek agindu dute amaieran salda eta txorizoa banatuko dituztela parte-hartzaileen artean.
Bi txapelketa hurrengo asteetan
Beste bi ekintzak osatuko dute Ozkarbi elkartearen azaroko egitaraua. Lehenengoa azaroaren 15ean izango da: Ozkarbiko ekintzen artean klasiko bihurtu den mahai-futbol txapelketa. 2019an egin zuten lehen aldiz eta 26 bikotek eman zuten izena. Txapelketa bazkide direnendako zein ez direnendako da. Egunean bertan egingo da izen-ematea. Txapelketa 18:00etan jokatuko da, Ozkarbi elkartean, eta hainbat kategoria egongo dira.
Egitarauko azken ekintza hilaren 21ean izango da. Bola txapelketa izango da, 18:30ean, kiroldegiko bolatokian. Hiru kategoria egongo dira: 6-12 urte, 13-16 urte eta 17 urtetik gorakoak. Aurretik, 17:30ean hasita, jolasak eta aurpegia margotzeko txokoa egongo dira txikienendako.
Gabonetako loteria
Ozkarbi elkartean, bestetik, salgai dute Gabonetako loteria. Jokatuko den loteria zenbakia 21.528 da, eta bazkideek ordainketak egiteko elkartean dagoen ordenagailuaren bidez egin behar dute eskaera. Dezimoak jasotzeko egunak, berriz, honako hauek dira: abenduaren 5a eta 12a, 19:00etatik 20:00etara; eta abenduaren 14a, 12:30etik 13:30era. Dezimo bakoitzagatik 21 euro ordaindu beharko dira; euro bat Ozkarbira bideratuko da