Xalbadorpe elkarteko erretiratuak izan dira lehenengoak aurten gaztaina erre jana egiten. Urteroko ekintza dute, eta Ozkarbi elkarteko beheko solairua ia bete egin zuten atzo. Gustura aritu ziren lagunarteko berriketan, zuzendaritzako kideek prestatutako gaztainak jaten zituzten bitartean.
Gaur, eskolako kideen txanda izango da. Enrique Perez Txikiturri-k eta Iratxe Bravok danbolinean erretako gaztainak jango dituzte umeek, irakasleek eta gurasoek.
Maala guraso elkartearekin elkarlanean antolatutako ekintza da, eta, aurretik (15:00), ikasleek kantuan eta dantzan egingo dute, eskolaren ondoan dagoen frontoi zaharrean. Ospakizun horren bueltako bertsoak ere badaude jarrita, eta horietako batzuk abestuko dituzte ekitaldian.
Sasoiko jakiak
Antzinatik dator urte sasoi honetan gaztainak jateko ohitura. Iraganean, Euskal Herriko negu hotzetan eta janaria urri zenean familia askok arindu zuten gosetea gaztainei esker.
Behin gaztaina erre janak eginda, beste hitzordu bati egingo diote lekua elgetarrek: azaroko pintxo-domekari. Herriko ostalariekin batera Udalak antolatuta, hilaren 23rako iragarri dute aurten.