Urteko gau ilun eta beldurgarriena prestatzen hasi dira Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko urriaren 29a

Kalabaza hustuketa, iaz, Elgetan.

Herriko neska-mutikoek kalabazak hustuko dituzte gaur arratsaldean eskolako ganbaran. Barikuan herriko txoko desberdinetan jarriko dituzte; izan ere, puska batzea, jaia eta beldurrezko ipuinen kontaketa saioa daude iragarrita.

Urteroko hitzordua bilakatu da honezkero; gau beltzaren atarian kalabazak hustuko dituzte herriko neska-mutikoek. Eskolan ganbaran egingo dute saioa, gaur 17:00etan. LH4, LH5 eta LH6ko ikasleak daude parte hartzera deituak. Maala guraso elkarteak antolatzen du saioa.

Kalabazak hustu, aurpegi beldurgarriak sortu eta gorde egingo dituzte bariku iluntzean kandelak barruan dituztela herriko txoko desberdinetan jartzeko.

Puska batzea, jaia eta ipuinak

Elgetan ere barikuan ospatuko dute Gau beltza. Guraso elkartea, Udala eta liburutegia ari dira antolaketan eta puska batzea (17:30), jaia (18:30) eta beldurrezko ipuinen kontaketa saioa (20:30) daude iragarrita.

Puska batzerako adinka deitu dituzte umeak. HH2, HH3, eta HH4ko umeak frontoi zaharrean elkartuko dira. HH5 eta LH1eko umeak, berriz, Emakume erresistenteen plazan elkartuko dira. LH2 eta LH3ko neska-mutikoek udaletxean dute hitzordua eta LH4 eta LH5ekoek elizpean.

Puska batzea egingo dute etxez etxe 18:30ak bitartean. Orduan, frontoi zaharrean elkartuko dira eta jaia egingo dute.

Beldurrezko ipuinen kontaketa saioa 20:30ean izango da Kantoiko baserri aurrean. LH5etik gorako neska-mutikoendako saioa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak