Taldeka banatuta, urrian zehar herri eskolako Lehen Hezkuntzako ikasle guztiak pasatzen dira herriko liburutegitik. Udal liburuzain Geaxi Ezpeletak egiten die harrera, eta azaltzen die zer-nolako zerbitzuak ematen dituen liburutegiak. "Helburua da liburutegia ezagutzea, irakurzaletasuna bultzatzea eta erabiltzaile autonomo bihurtzea", azaldu du Ezpeletak. "Txikienei arau orokorrak azaltzen dizkiet eta nagusienei, katalogo kolektiboa, bilaketak nola egin eta abar. Adinaren araberako edukiak izaten dira. Saio bakoitzean, gainera, hiru bat ipuin kontatzen dizkiet, guztiak liburuekin eta liburutegiekin lotutakoak".
Aste honetan ere egon da talde bat bisitan liburutegian; martitzen goizean, hain zuzen ere. HHko ikasleek ere egingo dituzte bisitak, baina martxoko Kultura Astean.
Giza biblioteka, gaur
Urriko egitarauaren barruan, giza biblioteka saioa izango da liburutegian gaur. Hizlariak Garbiñe Sarasketa, Patxi Montiel, Igone Olabarria eta Markel Ojanguren elgetarrak izango dira, eta hogei bat minutuko lau saio egingo dituzte, 18:00etan hasita.
Desgaitasunari, migrazio doluari, Korrikaren sorrerari eta herri txiki batean marika bisiblea izateari buruz arituko dira, hurrenez hurren. Gehienez ere hiruzpalau entzuleren aurrean egingo dute berba saio bakoitzean. "Bigarren aldia da ekimen hori egiten dugula. Iaz oso balorazio positiboa egin zuten bai hizlariek bai entzuleek, eta jarraipena ematea erabaki dugu", esan du Ezpeletak.
Entzule izan nahi dutenek liburutegian eman behar dute izena. "Izenik eman ez dutenak ere etorri daitezke. Leku librerik badago, aukera izango dute parte hartzeko".
Bestelako ekimenak
Urria amaitu bitartean ikusgai dago liburutegian Bizipoza elkartearen gaineko erakusketa, eta zabalik da III. irakurpuntu lehiaketan lanak aurkezteko epea. Gaia, aurten, Idazlea da.
Gu ere kontulari ekimena ere bueltan da. Umeak izaten dira kontulari, eta azaroaren 7an egingo dute hurrengo saioa. Izen ematea zabalik da.