Dena prest Domingo Iturbe kaleko lehenengo jaiak ospatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko urriaren 24a

Domingo Iturbe kaleko jaietako danborradarako entsegua, astelehenean, Espaloia kafe antzokian. (Iturria: Domingo Iturbe Fest)

Domingo Iturbe Fest jai batzordean ez da urduritasunik falta; izan ere, gaur botako dute lehenengo xafuegoa (19:45). Parte hartze aurreikuspenak onak dira; 60 bat lagunek joko dute danborradan eta 125 herritarrek erosi dute bazkarirako txartela. Eguraldi txarragatik, Espaloia kafe antzokian egingo dira ekintza gehienak. 

Ekain amaieran zabaldu zen herrian Domingo Iturbe kaleak ere bere jaiak izango zituela. Herritar talde bat hasi zen gauzak mugitzen, eta bizkotxo, batido zein sangria salmentan hasi ziren gastuei aurre egiteko dirua biltzen hasteko, boluntarioak erakartzeko eta herritarren artean jaiak bazetozela zabaltzeko.

Hilabeteotan ia %100 herriko jendearekin osatutako egitaraua gertatu dute, 60 bat laguneko danborrada prestatu dute eta jaietako bazkarirako 125 txartel saldu dituzte. Hainbeste lan egin eta gero gogotsu daude jaiak abiarazteko. Gaur botako dute etxafuegoa, 19:45ean.

Musika nagusi gaur

Txosna irekiko du jai batzordeak. Frontoi zaharra zen ospakizun gune nagusia baina eguraldi iragarpen txarra dela-eta Espaloia antzokian egingo dira ekintza gehienak: 19:30ean zabalik egongo da barra. Afari-pasada egin nahi dutenendako ogitartekoak salduko dituztela esan dute. Hortik aurrera, etxafuegoa botako dute eta karro-poteoa egitea da asmoa baldin eta eguraldia horretarako aukera ematen badu.

Ondoren, DJ Txasioren saioa egongo da (21:30), eta herriko Babesgabe taldeak hartuko dio lekukoa (23:00). Pablo Mansorekin eta Ander Sarasuarekin luzatuko dute gaua Domingo Iturben. Lehen DJ saioa izango da bi elgetarrendako.

Ekitaldi zentralak, zapatuan

Zapaturako egun osoko egitaraua prestatu du jai batzordeak. Helduendako bakailao lehiaketa eta umeendako pintxo hotzen lehiaketa antolatu dituzte. Oraingoz, lau taldek eman dute izena pil pil erara prestatutako bakailao lehiaketarako eta bik pintxo lehiaketarako. Antolatzaileek jakinarazi dute beste inor animatzen bada galde dezala Janela tabernan. Oraindik ere aukera dago parte hartzeko.

Epaimahaiak irabazleak zeintzuk diren erabakitzen duen bitartean, txalaparta saioa izango da. Txalapartarien artean izango da Garbiñe Sarasketa elgetarra.

125 lagun bazkarirako

Bazkaltzeko elkartuko den jende kopurua sorpresa atsegina izan da antolatzaileendako: "125 txartel daude salduta, eta aurreikusitakoa baino kopurua handiagoa da". Paella egongo da bazkaltzeko. Asmoa zen bazkaria frontoi zaharrean egitea, baina eguraldi iragarpena dela-eta Espaloian egingo dira bai bazkaria, bai Unai Cantabranaren kontzertua, eta danborrada ere bai.

Danborrada, bandarekin

Ekimen honek ere harrera ona izan du; 60 bat lagun batuko dira danborrak astintzeko. Oñatiko Udalak lagatako danborrak eta barrilak erabiliko dituzte. Musikariak, berriz, Bergarako musika bandako dozena bat lagun izango dira eta musikarien taldera gehitu diren lauzpabost elgetar. Sei martxa joko dituzte: San Sebastian, Tatiago, Iriyarena, Diana, Debako martxa eta Elgetako martxa. Miren Gisasolarekin luzatuko dute gaua. Bi orduko DJ saioa egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak