Fiskalitate progresibo baterantz pausoak ematen hastea proposatu diote jeltzaleek EH Bilduren Udal Gobernuari. Jeltzaleek azaldu dute helburua dela agintaldia amaitzerako Elgetako Udalak zergadunen ahalmen ekonomikoaren araberako hobari-sistema landuta edukitzea. "Herriko ordenantza fiskalen progresibotasunean salto bat emateko momentua da. Datozen bi urteak asmo honi forma eman eta indarrean sartzeko abagune ezin hobea direla deritzogu. Justizia eta kohesio soziala daude gure proposamenaren muinean. Amaitzeko, lehen pauso moduan, Udalak 2026an herritarren egoera sozioekonomikoari buruzko azterlan bat burutu beharko lukeela uste dugu", adierazi du Mikel Larrea jeltzaleak.
Horrez gain eta martitzeneko osoko bilkuran eztabaidatzekoak diren 2026ko udal tasei eta zergei dagokienean, egoki ikusten dute KPIaren araberako igoera orokorra aplikatzea; hau da, %2,5. Hori bai, zaborren tasa igoera orokor horretatik salbuesten bada eta bestelako zenbait zergatan "hobari-egokitzapen" egiten badira. "Egin dugun planteamendua gure herriko errealitate sozial eta ekonomikoari egokituta dago. Gure asmoa elgetarrek beren egoeraren araberako zerga-kargak edukitzea da, eta horregatik gaurkoa fiskalitate sustatzaile, justu eta berde baterantz pauso bat gehiago da", azaldu du Larreak.
Proposamenak lau zergarendako
Jeltzaleek lau zergaren kasuan proposatu dituzte hobari-egokitzapenak: Ondasun Higiezinen gaineko zergan, Ibilgailuen zergan, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergan eta Jarduera ekonomikoen gaineko zergan.
- Ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ): Bizitegi-erabileraz bestelako erabilera duten eta eguzki-energia aprobetxatzeko sistemak instalatzen dituzten higiezinen kasuan, 30 zergalditako hobariaren aplikazioa hamarrera murriztea proposatzen dute. Jeltzaleen ustetan, epe hori hobeto egokitzen da sistema hauen bizitza-erabilgarriari eta teknologiaren eboluzioari. Bestalde, etxebizitza hutsei aplikatzen zaien %75eko errekarguarekin kritiko jarraitzen dute jeltzaleek eta "gogo handiz" espero dituzte Udal Gobernuarekin adostutako etxebizitzaren egoerari buruzko azterlan integralaren emaitzak.
- Ibilgailuen zerga (TMIZ): EAJren planteamendu berria da ibilgailu elektrikoen eta hidrogenozkoendako % 75eko hobaria eta ibilgailu hibrido entxufagarriendako eta gas errekuntzakoendako %45ekoa. (lau urteko epealdiarekin eta ofizioz aplikatuta).
- Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ): Jabekideen komunitateko lanetarako aurreikusita dagoen %90eko hobaria ezabatzea "komunitateek egiten dituzten obra gehienak fatxadari, teilatuari edo irisgarritasunari lotutakoak direlako eta horietarako badaudelako jasota berariazko hobariak". Horrekin batera, %90eko hobaria aplikatzea mugikortasun-arazoak dituzten pertsonak bizi diren etxebizitza partikularretan egiten diren obren kasuan eta %75ekoa irisgarritasun-obrak egiten dituzte jabekideen komunitateen kasuan.
- Jarduera ekonomikoen gaineko zerga (JEZ): Larreak gogoratu du betetzeke dagoela duela bi urte egindako akordioa herriko enpresei ikuskaritza fiskala egiteko. "Agintaldia amaitu baino lehen egitea adostu genuen. Azkena egin zenetik denbora gehiegi pasa da. Helburua ez da enpresak estutzea, baizik eta udal zergak eta tasak kalkulatzeko erabiltzen diren zerga-elementuak erregularizatzea eta eguneratzea, besterik ez".
Hondakinen gaineko tasa
Hondakinen gaineko tasaren kasuan igoera orokorrik ez aplikatzea proposatzen dute jeltzaleek. "Iaz %35eko igoera gogorra aplikatu genuen Europar Batasuneko zuzentarauari egokitzeko. Orduan arduraz jokatu genuen, eta orain erantzukizun bera eskatzen diogu EH Bilduri", esan du Larreak.
Jeltzaleek nahi dute Udal Gobernuak Debagoieneko Mankomunitateari exijitzea "zabor-tasa herri bakoitzaren kostu errealera moldatzeko metodoa garatzeko". Jeltzaleen ustez: "Ez dauka zentzurik tasa orain eguneratzeak, zerbitzuaren kontratu berriaren esleipena egin barik dagoelako. Gainera, gure kalkuluen arabera Elgetak %20rainoko beherapena aplikatu ahalko luke zabor-tasan, kostuen banaketa-sistema justu batekin".