Hamar kirol ekintza herriko elkarteen eskutik

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko urriaren 17a

Herritar guztiendako moduko kirol ekintzak dira eta Elgetako hainbat kirol taldek antolatu dituzte, Herri Hezitzaileak egitasmoaren barruan eta Udalarekin elkarlanean. Kirol Asteburua izendatu dute ekimena eta lehenengo edizioa izango du aurten.

Orientazio jolasa, skate zein pump-track saioak, mendiko bizikleta irteera, korrika egiteko irteera, badminton topaketa, rally lasterketen gaineko azalpena... Askotariko kirol modalitateekin osatu dute Elgetako I. Kirol Asteburua. Txapelketak ere jokatuko dira: mahai-tenis, mahai-futbol eta hiru txirlo txapelketak, hain zuzen ere.

Herri Hezitzaileak dinamikaren barruan diharduten herriko kirol taldeek osatu dute egitaraua. "Taldeak eta horietan egiten den lana ezagutzera emateko helburuarekin antolatu dugu. Herritar guztiei irekita dauden ekintzak dira; izan ere, maila fisiko ezberdinetara moldatzeko aukera egongo da", adierazi du Kepa de Vega zinegotziak. Parte hartzea sustatzeko, gainera, zozketa egingo dute: "Parte hartzen den ekintza bakoitzeko zenbaki bana jasoko dute herritarrek, eta domeka gauean zozketa egingo dugu. Herriko hamaika establezimendutan erabiltzeko 50 euroko sariak banatuko ditugu".

Hasierarako, orientazio jolasa

Kantsatzeke mendi taldeak prestatutako orientazio jolasarekin abiatuko da Kirol Asteburua, gaur, 17:00etan. "Bileretako batean esan ziguten orientazio probetan ibiltzen den familia bat dagoela Elgetan. Kontaktuan jarri, eta elkarlanean orientazio joko bat antolatu dugu. Joko hori Rogaine izenarekin ezagutzen da, eta herri eremura mugatu dugu. Helduendako zein umeendako da", azaldu du Kantsatzekeko Ibai Etxanizek.

Mendi Mendia Racing taldeko lagunek rallyen gaineko azalpen-saioa prestatu dute. "Auto bat erakutsiko dugu; Mikel Beretxinagak eta Oskar Sarasuak Intxortako Rallysprintean erabilitako BMW 325i E36 autoa. Jendeak aukera izango du ikusi, funtzioak ikasi, pilotuaren zein kopilotuaren materiala eta lanak ezagutu... Ekitaldi irekia izango da, heldu zein gazteentzat", zehaztu du taldeko kide Ibon Unzetabarrenetxeak.

Piñu-kokuk ere hainbat jarduera prestatu ditu. "Skate, BMX eta roller kirolak sustatzen ditugu, eta horiekin batera mahai-tenis eta mahai-futbol txapelketak ere egingo ditugu, denon parte hartzea lortzeko. Modalitate horiek eta Elgetan ditugun baliabideak –skate parkea, pump-tracka, Piñu-koku egoitza...– ezagutzera ematea da plana", azaldu du taldeko Josu Horrillok.

Intxortako Ahuntzak Trail taldeak ere egingo du ekarpena: "Gure lasterketako ibilbideetan korrika egiteko deialdia egin dugu. Asmoa da Antxumeen ibilbidea eta Ahuntzen lasterketako ibilbidearen zati bat egitea. Etortzen direnen ezaugarrien araberako taldeak osatuko ditugu", esan du Iratxe Alonsok.

Esperientzia "aberasgarria"

Elgetako I. Kirol Asteburua izango da honako hau, eta auzolanaren emaitza da. Kepa de Vega zinegotziaren iritziz, Herri Hezitzaileak ekimenak herriko kirol taldeen arteko saretzea sendotu du.

Ados dira taldeetako ordezkariak ere. "Herri hezitzaileko bileretan parte hartu dugu eta oso aberasgarria izan da gure ekarpenak egitea eta herriari zerbait gehiago eskaini ahal izatea", esan dute Mendi Mendia Racing taldekoek.

Intxortako Ahuntzek ere ekimen aberasgarria dela uste dute: "Aurrerantzean ere kirol taldeen arteko elkarlana sustatzen jarraitzea gustatuko litzaiguke".

Herritarrak zein kirol taldeetako kideak animatu ditu parte hartzera Kantsatzekek: "Elkarteetatik antolatzen ditugun ekintzetan boluntario lanak egitea tokatzen zaigu, normalean. Kasu honetan, guztiok disfrutatzeko asteburua izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak