Lehenengo aldiz egingo dira, aurten, Domingo Iturbe kaleko jaiak. Jai batzordeak atzo zabaldu zuen egitaraua. Festa gune nagusia frontoi zaharra izango da
Barikuan musika nagusi
Jaiak urriaren 24an eta 25ean ospatuko dituzte. Barikuan 19:30ean izango da txosna irekiera eta 19:45ean etxafuegoa eta karropoteoa. DJ Txasiok jantziko ditu jaiak musikaz 21:30-23:00 artean eta Babesgabe taldeak hartuko dio lekukoa. DJ Paulus & Andrew-ren musikarekin luzatuko dute jaia. Jai batzordetik jakinarazi du ogitartekoak egongo direla salgai txosnan.
Zapatuan egun osokoa
Zapatuan, urriak 25, izango dute jarraipena jaiek. 11:00etan bakailu lehiaketa eta pintxo lehiaketa hasiko dira. Helduendako da bakailu lehiaketa eta umeendako pintxoena. Izen-ematea zabalik da Janela tabernan hurrengo eguaztenera arte, hilak 22.
Nagusiek pil-pil eran prestatu beharko dute bakailu. Umeek, berriz, pintxo hotzak prestatu beharko dituzte. Bakoitzak bere sukaldeko tresnak eta osagaiak eraman beharko ditu eta etxetik ezin da ezer prest eraman. 13:00etan egingo dute sari banaketa.
Herri bazkaria etorriko da ondotik, 15:00etan. Prezioa da 17 euro eta txartelak salgai daude Janela tabernan domekara arte, hilak 19. Unai Cantabranak girotuko du bazkalostea.
Arratsaldeko izarra danborrada izango da. 19:00etan abiatuko da frontoi zaharretik eta Domingo Iturbe kalean gora eta behera egingo du hainbat puntutan Donostiako martxak joko dituztelarik. Cornhole txapelketa (21:00) eta Miren G. DJrekin luzatuko dute zapatua goiko kaleko jaietan.