Ikasturte honetan Bizipoza Eskola egitasmoa Elgetara helduko da. Helburua da Bizipoza elkartea osatzen duten eragileek Munduak guztiontzat beharko luke lelopean lantzen dituzten gaiak eta baloreak erdigunera ekartzea. Horren baitan, hainbat ekintza izango dira bai eskolan bai herriko eragileendako. Aldi berean, eta aurreko urteetako elkarlanarekin jarraituz, eskolak lanean jarraituko du Bizipozako elkarteko kide diren Ndank Ndank eta Aspanogi elkarteekin.
Umeendako aurkezpen ekitaldia eguaztenean izango da, 15:00etan, udaletxean. LH3-ko eta LH4-ko ikasleendako saioa izango da Pontx eta Zapotxin pailazoekin. Modu ludikoan Bizipoza elkartea eta Bizipoza Eskola zer diren azalduko diete neska-mutikoei.
Ertzean dauden gaiak
Bizipoza osatzen duten elkarteek gizartearen ertzetan dauden gaiak jorratzen dituzte: hala nola, aniztasun funtzionala, familia aniztasuna, sexu orientazioa, gaixotasunak, heriotza, identitatea, genero rolak, kultura aniztasuna, boluntariotza...
Elkartearen helburu nagusia da "denona eta denontzat beharko lukeen Euskal Herri inklusibo bat eraikitzea, euskaratik eta euskaraz". Horretarako sortu zuten Bizipoza Eskola. Fagor kooperatibaren 80.000 euroko ekarpen ekonomiko bati esker, Gizabidea Fundazioak eta Txatxilipurdi elkarteak dinamizatuko dute egitasmoa Debagoiena osoan, ikasturte honetan. Maiatzean aurkeztu zuten egitasmoa.
Urteotan, bestalde, material didaktiko mordoa sortu dute Bizipozako elkarteek. Erabilgarri izango dute bai Herri Eskolan bai herriko hezkuntza ez formaleko eremuetan bai herrigintzako espazioetan.
Erakusketa liburutegian
Egitasmoa zein Bizipoza elkartea osatzen duten eragileak herri mailan ezagutzeko erakusketa bat ere egongo da udal liburutegian, urrian zehar. Bizipoza osatzen duten elkarteen inguruko informazioa jasoko du. Zer da bizipoza zuretzat? jolas parte-hartzailea ere izango. Erantzunak liburutegira helarazten dituzten herritarren artean sariak zozketatuko dira.