Gazte gara gazte

Ainara Belamendia: "Psikologikoki bortitza da gizarte- integratzaile lana"

Julen Murua Mesonero 2025ko ira. 19a, 13:48

Ainara Belamendia Elkoro, txakurrarekin.

Gizarte Hezkuntzako bigarren mailako ikaslea da Ainara Belamendia Elkoro (Elgeta, 1999), baina, bien bitartean, lanean dihardu Azpeitiko inklusiorako eguneko zentro batean eta Aita Menni ospitalean; lanaldi erdian bietan. Denbora librea duenean, irakurtzea da haren zaletasun nagusietakoa.

Integrazio sozialeko zikloa ikasi zenuen; nolatan?

Hasieran, mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko zikloa ikasi nuen, eta horren polita iruditu zitzaidan, gehiago sakontzea erabaki nuen. Asko ikasi nuen ikaskideez; izan ere, pertsonengandik mordoa ikasten da.

Ikasketak amaitu eta lan-esparruan sartzea nolakoa izan zen?

Esango nuke Lanbide Heziketan lanerako asko prestatzen gaituztela. Egia da inklusiorako eguneko zentroan ikusten dudala badudala oinarri bat, baina oraindik gauza asko geratzen zaizkit ikasteko lanean bertan. Esango nuke, oro har, lan-esparruan sartzen garenean hasten garela benetan ikasten.

Psikologikoki eta fisikoki asko exijitzen duen lana da zurea?

Bai; fisikoki ez, baina psikologikoki oso bortitza da. Gero, egia da egun batzuk oso tristeak eta kaotikoak izaten direla, baina beste egun batzuetan jasotzen dituzu oso berri onak eta etxera asebeteta iristen zara.

Gizarte Hezkuntza ere ikasten ari zara; zure gaur egungo jardunarekin lotura handia du?

Gizarte Hezkuntza oso esparru zabala da. Orain, graduko bigarren urtean nago, eta, teoria kontu batzuez gain, ez dut antzeman nire lanean erabilgarriak izan daitezkeen gauza askorik. Hala ere, nire jardunarekin lotura zuzena du, bai.

Denbora libre gutxi izango duzula esango nuke; zer gustatzen zaizu orduan egitea?

Astean zehar, lanetik itzuli eta gero, txakurrarekin kalera irtetea, eta ostean, liburu bat irakurtzen dudan bitartean, infusio bero bat hartzea gustatzen zait. Horrez gain, formakuntzarekin jarraitzen dut eta inguruko herrietako emakumeen txokoetako ikastaroetan parte hartzen dut. Asteburuetan lagunekin bestelako ekintzak ere egiten ditut.

Amantalak talde feministako kide ere bazara; zer egoeratan zaudete?

Talde txikia gara, eta poliki-poliki bagabiltza urtean zeharreko ekintzak antolatzen. Emakumeen eta kirolaren inguruko ekitaldi bat antolatzen ari gara orain; iaz ere egin zen.

Irakurtzea maite duzula diozu; zer liburu gomendatuko zenidake?

Oso zaila da bakarra aukeratzea; izan ere, pertsonak oso ezberdinak gara. Gustatzen zaizkit Ibon Martinen liburuak; entretenigarriak dira. Gai konkretuak sakon lantzeko; antiespezismoa, esaterako. Política sexual de la carne liburua, esaterako.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Patata-tortilla.

Abesti bat? Perlata taldearen Araoa abestia.

Idazle bat? Karmele Jaio.

Bailarako mendi bat? Egoarbitza, Elgetan.

Poteoan edateko zer? Konbutxa edo mostoa.

Elgetako toki bat? Goiko parkea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak