Jendetsua izango da biharko Sagardo Eguna

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ira. 19a, 12:08

Talde bat patata-tortilla prestatzen, iazko txapelketan.

Egun osoko egitaraua prestatu dute Udalak, Gazte Asanbladak eta Mendi Mendi Racing taldeak. Azoka, Intxortako igoera eta patata-tortilla lehiaketa daude iragarrita. Gaueko kontzertuetarako 350 sarrera jarri dituzte salgai eta denak saldu dira

Herriko baserritarren eta artisauen azokarekin irekiko da eguna. Antolatzaileek aurreikusten dute bederatzi bat postu egongo direla, eta bertan salgai izango dira Olatzako eztia eta kandelak, marokoar gozoak, krema eta xaboi ekologikoak, Pili Arinen artisau-lanak eta Sebastian Arantzabalek, Pello Bilbaok zein herriko baratze parkeko lagunek ekoiztutako ortuko produktuak. Sortu berria den Elgeta-Palestina taldeak ere mahaia jarriko du azokan. Hain zuzen ere, elkarretaratzea deitu dute 13:00etarako, Genozidioari stop, Palestina askatu lelopean.

Azokari dagokionez, beste inork mahaia ipintzeko interesa badu, gaur da udaletxean eskaera egiteko azken eguna. Azokak bestelako osagaiak ere izan ohi ditu, eta aurten ere tirolina egongo da udaletxetik plazara. Azokako ordutegian egongo da martxan.

Intxortako igoera

Intxortako igoera izan ohi da herritarrek azoka egunean ikusmin handiz itxaroten duten beste ekitaldietako bat. Aurten 27.a jokatuko da. Hiru kategoria izango dira: 12 urtera artekoak, 12-16 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoak. Lasterketa 11:00etan jokatuko da eta izen-ematea egunean bertan egingo da, 10:30ean. 60 euroko sari berezia izango da Eleder Lozanok eta Nerea Goikoetxeak. egindako denborak hobetzen dituzten lasterkariendako. Lozanok 16.14 markatu zuen 2015ean eta Nerea Goikoetxeak 22.38 2023an.

Patata-tortilla lehiaketa

Arratsalderako iragarri dute antolatzaileek herritarrengandik harrera beroa izaten duen patata-tortilla lehiaketa. Iaz hogei taldek hartu zuten parte, eta Berdin da taldeak marka guztiak hautsi zituen: puntuazio onena eskuratu zuten bai zaporeari dagokionez, bai itxurari dagokionez eta bai originaltasunari dagokionez.

Aurten ere 18:00etan hasiko da lehiaketa eta parte-hartzaileek ordu eta laurden izango dute patata-tortilla egin eta aurkezteko. Horien ardurapean egongo da tortilla egiteko osagaiak eta tresneria jartzea. Bien bitartean, sagardo-edalontziak egongo dira salgai plazan.

Lehiaketa amaitutakoan, 19:15ean, herriko hiru ostalarik egingo dituzte epaimahai-lanak. Zaporea, itxura eta originaltasuna baloratuko beharko dituzte, eta hiru sari banatu: tortilla onenaren saria, tortilla txarrenaren saria eta tortilla originalenaren saria. Bien bitartean, Deiadar txarangak girotuko ditu Elgetako kaleak, eta, sari-banaketaren ostean, Gazte Asanbladako kideek patata-tortilla pintxoak salduko dituzte, euro batean. Antolatzaileek jakinarazi dute gaur amaitzen dela lehiaketarako izen-ematea; Haizea tabernan dago horretarako aukera.

Kontzertuak antzokian

Mendi Mendian Racing taldeak antolatuta, 21:30ean kontzertuak izango dira Espaloian. Babesgabe, Apunta eta Ostiada Oi! taldeak ariko dira. Antolatzaileek 350 sarrera jarri zituzten salgai aste hasieran, eta eguaztenerako salduta zeuden guztiak. Babesgabe Elgetako talde gaztea da, eta herrian aitzindari izandako Ostiada Oi! taldearekin elkarbanatuko dute eszenatokia.

Ostiadakoek 2022an Josu Azkarateren omenez antolatutako jaialdian jo zuten azken aldiz jendaurrean. Puri-purian zeuden garaietakoa den Azpeitiko Apunta taldeak osatzen du kartela; haiek ere urte mordoa daramate zuzenekorik eskaini barik. Ikusmina sortu du kontzertuak. Esan bezala, agortuta daude sarrerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak