Danborradako entseguak astelehenean hasiko dira

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ira. 12a, 09:30

Jaien gune nagusi izango den frontoi zaharrean egin zuten bilera, astelehenean.

Urriko azken aste bukaerarako iragarri dituzte Domingo Iturbe kaleko jaiak, eta egitarauan danborrada, sukaldaritza ikastaroa eta herriko musikarien eta DJen emanaldiak nabarmentzen dira. Astelehenean egin zuten lehen bilera irekia.

Domingo Iturbe kaleak jaiak izango ditu aurten. Urriko azken aste bukaerarako iragarri dituzte –urriak 24 eta 25–, eta osatuta dago egitarauaren bizkarrezurra.

Jai batzordeak astelehenean egin zuen lehen batzar irekia eta dozena bat lagun elkartu ziren –denak emakumeak–. Egitaraua lantzen aritu direnek azaldu dute frontoi zaharra izango dela jaietako gune nagusia, eta txosna jarriko dutela.

Egitarauari dagokionez esan dute ordutegiak zehaztu barik egonda ere asmoa dela etxafuegoarekin eta karro-poteo batekin abiatzea jaiak barikuan –urriak 24–. Ondoren etorriko dira afaria, DJ Txasioren saioa, Babesgabe taldearen kontzertua eta Pabloren eta Anderren DJ saioa, gaua luzatzeko.

Zapatu goizerako sukaldaritza lehiaketa iragarri dute –helduendako zein umeendako–, eta sari banaketaren ostean bazkaria egongo da. Unai Cantabranak girotuko du bazkalostea, eta iluntzerako iragarri dute danborrada. Ostean, Miren Gisasolaren DJ saioa egongo da.

Jaiak lehenengo aldiz

Lehenengo aldiz egingo dituzte Domingo Iturbe kaleko jaiak. "Maiatzeko domeka batean irten zen gaia: danborrada edo batukada bat egin beharko genukeela Elgetan, eta Domingo Iturbe kaleak ez duela jairik. Brometan hasi zen kontua, baina astebeterako talde bat zegoen sortuta eta jaiak forma hartzen hasi ziren", azaltzen du jai batzordeko kide Leire Belamendiak.

"Ekainean mahaia jarri genuen Bolatokian, bizkotxoak eta ur pistolak saltzeko. Uztailean, berriz, sangria eskaini genuen Salbador kalean", gehitu du Jone Arbuluk. "Udan geldirik egon gara, baina badugu asmoa Sagardo Egunean mahaia jartzeko: jaietako zapiak aterako ditugu salmentara".

Aitortu dute jaiei data jartzea ez dela erraza izan. "Ez genuen nahi neguan izatea eta, hasierako asmoa zen lehenago egitea, baina beti dago zerbait, eta, azkenean, urriko azken aste bukaera aukeratu genuen. Hasieran jendeak ez zuen sinisten benetan ezertan hasiko ginenik, eta guk ere bagenituen gure zalantzak, baina hau forma hartzen joan da eta orain iruditzen zaigu jendea gogoz dagoela", gaineratu dute Belamendiak eta Arbuluk.

Danborradako entseguak

Danborrada prestatzen hasteko unea iritsi da, eta jai batzordeak adostu du astelehenetan egingo direla entseguak, 19:00etan. Lekua zehazteko dago oraindik.

Antolatzaileek nahiko lukete kafe antzokia izatea, eta eskatuta daukate baimena horretarako. "Lehenengo entsegua astelehenean, hilak 15, izango da. Jakinaraziko dugu non elkartuko garen", esan dute.

Aurreratu dute bospasei kantu aukeratu dituztela danborradarako –Sarriegiren martxak gehienak–, eta urriaren 25ean frontoi zaharretik abiatuko dela danborrada, Domingo Iturbe kalean zehar kalejira egiteko. "Danborrak eskatu egingo ditugu eta jantziekin ez gara askorik konplikatuko: praka bakeroekin, batzordeak banatuko dituen kamisetekin eta jaietako zapia rekin osatuko da uniformea".

12 urtetik gorakoak daude danborradan parte hartzera gonbidatuta. Janelan egin behar da izen-ematea eta domekara arteko epea dago horretarako. Oraingoz, 24 lagunek eman dute izena, eta batzordeari komeni zaio lehenbailehen jakitea zen bat danbor eta zenbat kamiseta eskatu behar diren.

Batzordeak azpimarratu du jaiak ez direla soilik Domingo Iturbe kaleko bizilagunendako: "Elgetar guztiendako dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak