Gaur ere pumptrack gunean pilatutako harriak kentzen aritu dira udal brigadako langileak. Udalak dio azken boladan maiz gertatzen dela. "Azkenaldian, zoritxarrez, pumptrack eta jolas-parke eremuan harriak botatzen aritu direla antzeman dugu. Jolas sinple bat dirudien arren, praktika horrek arrisku handia dakar erabiltzaile guztientzat, baita haurrentzat ere. Harriak edonon botatzeak erorketak, lesio larriak eta azpiegiturak kaltetzea ekar dezake".
Umeen segurtasuna guztion erantzukizuna dela gaineratu du alkateak. "Horregatik, funtsezkoa da instalazioak zaintzearen eta besteak errespetatzearen garrantzia azaltzea. Aldez aurretik eskertzen dizuegu zuen laguntza eta gogorarazten dizuegu ezinbestekoa dela adingabeak zaintzea jolas-eremu horiek erabiltzen dituzten bitartean. Zuen laguntzarekin, pumptrack-a eta jolas-parkeak guztiontzat dibertsio eta gozamen gune izaten jarrai dezan bermatuko dugu".
Hala, Udalak dei egin du "espazio publikoen segurtasunari buruzko kontzientzia hartzeko".