Atzo eguerdian sai batek Berraondokoan hartu zuen lurra. Ordubete pasa eta gero hegaztia berriz hegan joaten ez zenez, Ertzaintzan eman zuten abisua herritarrek. Hegaztiak eraztuna zuen eta ez zuen ematen ezer larririk zuenik. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiko mendien alorra egin zen kargu.
Gaur jakin dugu Aldundiak Urnietan duen Basabizi zentrora eraman zutela saia eta bertan jarraitzen duela. Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko zentroa da Basabizi eta animalia zaurituak birgaitzeko eta sendatzeko lekua da. Saia askatzeko moduan dagoela baloratutakoan itzuliko dute bere ingurune naturalera. Elgetan jaso zuten eta Elgetako inguruetara ekarriko dute atzera ere libre uzteko.