Haur eskola zerbitzuak atzo, eguena, zabaldu zituen ateak erabiltzaileendako. Hamar ume hasi dira, denak 1-2 urtekoak. Egokitzapen egunak dituzte oraingoz. Langileek jakinarazi dute aurten bi hezitzaile arituko direla ikasturte hasieratik. "Ikasturte honetako aldaketa aipagarriena da. Lan hitzarmen berria sinatu ondoren sortutakoa da bigarren plaza; izan ere, hemendik aurrera ezingo da hezitzaile bat bakarrik egon haur eskolan".
Trikitixa eta pandero eskolak
Adolfo Jainagaren trikitixa eta pandero eskolak ere martxan daude atzotik. Sei ikasle daude oraingoz, eta, aurten ere, eguen arratsaldetan emango ditu eskolak Jainagak Elgetan.
Musika gela
Musika gelako eskolak astelehenean, hilak 8, hasiko dira. Lorea Larrañaga irakaslea atzo elkartu zen hainbat ikaslerekin eta eskola orduen lehen banaketa egin zuen. Dena den, izen-emateak zabalik jarraitzen du. Aurten ere, musika hezkuntza, gitarra eta piano eskolak eskainiko ditu Larrañagak.
Herri eskolan 112 ikasle
Elgetako herri eskolan ere astelehenean emango diote hasiera 2025-2026 ikasturteari. Lehenengo bi egunetan jardunaldi trinkoa izango dute ikasleek; 09:00etatik 13:00etara. Eguaztenean hasiko dira goiz eta arratsaldeko lan saioekin.
Bederatzi gelatan banatuta, 112 ikasle izango ditu ikastetxeak; 31 neska-mutiko haur hezkuntzan eta 81 lehen hezkuntzan. Bi urteko gelan –lehen eskolaratzea– lau ume hasiko dira.
Irakasleak eta hezitzaileak hogei izango direla jakinarazi dute zuzendaritzatik eta azaldu dute ikasturteko erronka nagusiak honakoak izango direla: "Orain arteko lan-ildo eta proiektuei jarraipena emanez, elkar-bizitza eta lan-giro positiboa izaten jarraitzea eta eskola komunitatea indartzen jarraitzea, besteak beste".
Lan ildo horien artean dira Elgeta Herri Hezitzailea programarekin lotutako Umeen Batzordea eta abar. Talde motorra martxan da; eguaztenean egin zuten ikasturteko lehenengo lan bilera.
Ludoteka zabalik astelehenetik
Ludoteka zerbitzuak eskolako egutegia izango du ikasturte honetan ere. Hala, astelehenean zabalduko ditu ateak. Astelehenetik barikura emango du zerbitzua, 16:00etatik 19:00etara, eta, hasieran hezitzaile bakarrarekin abiatuko dute ikasturtea. Nerea Villa elgetarra arduratuko da, oraingoz, ludotekako ekintzak dinamizatzeaz. Izen-ematea zabalik da udaletxean. Interesatuek aukera dute udala@elgeta.eus helbide elektronikora idatzita ere izena emateko.
Prezioak dira: ikasturte osoa 280 euro, ikasturte erdia 180 euro, hilabetea 40 euro eta hamar eguneko bonua 40 euro. Udaletik gogorarazi dute errentaren arabera %90erainoko hobariak eskura daitezkeela.
Liburutegian ohiko ordutegia
Udal liburutegiak astelehenean bueltatuko da ikasturte barruko ordutegira. Aurrerantzean, 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik astelehenetik eguenera eta barikutan 14:30etik 17:30era. Poliki-poliki jarriko dira martxan ohiko ekintzak.
Kirol jarduerak urrian
Ikasturte berriko kirol jarduerei dagokienean, Udalak jakinarazi du laster emango duela eskaintzaren berri; izan ere, "ez dago oraindik guztiz itxita". Edozein modutan eta urtero moduan, urrian hasiko dira jarduerak eta iraileko azken astean ate irekiak izango dira ekintzak doan probatzeko.