Mugikortasun lanketaren emaitzak mahai gainean

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 18a, 09:45

Sergio Barreña Elgetako udaletxean aurkezpena egiten.

Elgetako mugikortasun beharren eta aukeren azterketa egin ostean, landutako Ekintza Plana aurkeztu dute Ingartek Consulting enpresako kideek. Egindako proposamenen berri jaso dute Udalak, Mankomunitateak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Martxoan egindako parte-hartze saioarekin abiatu zuen Ingartek Consulting enpresak Elgetako mugikortasun beharrak eta aukerak aztertzeko lanketa. Udalaren zein garapen iraunkorrerako Debagoiena 2030 sarearen eskariz egindako lanketa izan da, eta hogei bat herritarrek hartu zuten parte lehen saioan egindako datu bilketan. "Lehen urratsa izan zen identifikatzea herritarrak nora eta nola mugitzen diren", esan du Ingartek Consulting enpresako Sergio Barreñak.

Mugikortasun planak egiten eskarmentua duen enpresak hiruzpalau hilabetera aurkeztu ditu lanketaren emaitzak. Udaletxeko areto nagusian egin du aurkezpena Barreñak eta emaitzekin batera horiei lotutako Ekintza Plan bat ere proposatu du udal agintarien aurrean.

Adituak esan du Elgetak hainbat mugikortasun premia dituela eta zehaztu du bi mailako neurriak har daitezkeela: udalerri mailakoak alde batetik eta eskualde mailakoak bestetik. "Helburua da jasangarritasun handiagoko mugikortasun ohiturak bultzatzea eta, ahal dela, auto partikularraren erabilera jaistea", esan du.

Oinezkoak eta bizikletak

Herri barruan oinezkoei zein bizikletei lehentasun handiagoa emateko neurriak har daitezkeela uste du Barreñak eta plataforma bakarreko kaleak egitea proposatu du.

Herri barruko bideak izan ohi dira. Normalean elkarbanatu egiten dituzte oinezkoek eta ibilgailuek, baina ez dute espaloirik eta zoladura berezia dute ibilgailuetako gidariek identifika ditzaten eta abiadura murriztu dezaten. "Halakoak eginez gero oinezkoen mugikortasuna indartzen da eta auto bidezkoa zailtzen da. Kalez kale eta kasuan kasu egin behar da azterketa", esan du Barreñak.

Herri mailako metrominutu mapak egitea da beste proposamenetako bat. "Mapa horietan minutuetan neurtzen da herri bateko puntu garrantzitsuenen artean dagoen distantzia, oinez edo bizikletan. Gero eta herri gehiagotan daude eta interesgarria da horiek erabiltzen jakitea beste herri batzuetara mugitzen garenean", esan du. Bergaran, esaterako, badituzte metromi-nutu mapak. "Bailarako herri guztietan jartzen badira lagungarriak izan daitezke oinezkoen mugikortasuna indartzeko".

Oinezkoendako zein bizikletendako bideak egitea, eta eskola-bide zein auzoen arteko bide seguruak egitea ere badira har daitezkeen neurriak. "Bide horiei ikusgarritasuna eman behar zaie. Modu bat da erabiltzaileek uler dezaten aintzat hartzen direla autoa ez diren bestelako mugikortasun aukerak".

Industriagune eta lantokietan

Barreñaren esanetan badira industriagune eta lantokietan har daitezkeen neurriak ere. Oinezkoendako zein bizikletendako bideak egin daitezke: ondo seinaleztatuak eta ikusgarri daudenak. Horrekin lotuta garrantzitsua da industriagune eta lantokietan bizikletak aparkatzeko leku egokiak egitea. "Ez da inoren gustukoa norbere bizikleta –batzuetan elektrikoa– farola bati lotuta uztea zortzi orduz. Lantokietan aparkaleku seguruak eskaintzen direnean jendeak bizikleta gehiago erabili ohi du".

Bizikletendako metrominutu mapak ere badaudela gaineratzen du eta azpimarra berezia egiten dio poligono barruetako zirkulazioa berrantolatzeari. "Ibilgailuek ez lukete industrialdeetan edozein lekutan aparkatzeko aukerarik izan beharko ez eta edozein abiaduratan zirkulatzeko baimenik izan beharko". Industriaguneetan ibilgailuendako aparkalekuak zein zirkulazio-abiadura mugatzearen alde egiten du Barreñak.

Bestelakoak

Garraio publikoa hobetzea eta informazio eguneratua ematea,autoa elkarbanatzeko aplikazioak garatzea, kontzientziazio zein sentsibilizazio kanpainak egitea... Askotariko neurriak har daitezke. "Mugikortasuna neurtzeko beste dimentsio batzuk baloratzen hastea ere garrantzitsua da. Gaur egun ia soilik azkartasuna hartzen dugu kontuan, baina zergatik ez aintzat hartu eragindako kutsadura maila, osasunean duen eragina eta abar?".

Bailarako bost herritan

Herri txikienetan egin da lanketa berdina: Aretxabaletan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan, Antzuolan eta Elgetan. Herri bakoitzak bere problematikak ditu, baina antzekotasunak badaudela esan du Barreñak. Elgetaren kasuan handienak Antzuolarekin ematen dira: "Biek dituzte tamaina nahiko handiko industrialdeak herrigunetik gertu, eta horrek joan-etorri mugimendua eragiten du".

Urrats berrien unea

Azterlana zein Ekintza Plana eginda, urratsak ematea tokatzen da orain. Udal ordezkariek Elgetan egindako aurkezpenean izan dute azterlanaren emaitzen berri. Sergio Barreñak jakinarazi du bai Debagoieneko Mankomunitateak bai Gipuzkoako Foru Aldundiak jaso dutela informazioa.

Herritarrak ere has daitezke neurriak hartzen. Herri barruan auto partikularrean egiten diren zenbait joan-etorri oinez zein bizikletan egin daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak